Stampako tailerrean, pinuaren zurarekin egindako hormen artean, Giacomettik marrazketan eta pinturan jarri zuen arreta, nahiz eta igeltsuzko eta buztinezko eskulturak ere egin zituen. Leihotik, artistak Bregagliako mendi izugarriak eta paisaia hostotsuak ikus zitzakeen, eta haiek marraztu eta pintatu ohi zituen, batez ere zuhaitzak; zuhaitzen formek giza irudia gogorarazten zioten.
Bertan, 1940ko hamarkadan, Giacometti amaren erretratuak egiten hasi zen, Annetta, nortasun handiko emakumea. Annette Arm ere, 1949an artistaren emazte bihurtu zena, ohiko modelo izan zuen eta patxadaz posatu zuen artistarentzat hainbat orduz, bai familiaren etxeko egongelan, bai Stampako tailerrean, baita eskultorearekin batera bisitatu zituen toki guztietan ere.
Giacometti oso zehatza zen bere lanean erretratatutako pertsona bakoitzaren posizioari eta artistaren eta modeloaren artean gorde beharreko distantziari zegokienez. Horrela, Stampako tailerreko zorua markaz beteta zegoen, eta inoiz ez ziren kentzen; modeloetako bakoitzaren aulkia, artistarena eta astoa zehatz-mehatz non jarri ziren adierazten zuten, eta oso lagungarriak ziren, bertan egondako denboran artistak lana amaitu ez bazuen, handik egun batzuetara edo hurrengo urtean berriz ere hari ekiteko, distantzia berean eta posizio berean.
Stampako estudioa berezia zen, arteari lotutako espazioa ez ezik, familiarena ere bazelako; aita-semeek hainbat urtez partekatu zuten, eta, ondoren, artista askotan itzuli zen bertara, ama bisitatzera eta sorkuntza-lanarekin jarraitzera. Bertan egin zituen obren artean, haren pintura grisetako batzuk daude. Artistaren hitzetan: “Grisean ikusten badut, eta esperimentatzen ditudan eta kopiatu nahi nituzkeen kolore guztien aniztasuna hautematen badut gris horretan, zergatik erabili beste kolore bat?”.
Alberto Giacometti Annetten erretratua margotzen Stampako estudioan, 1954
Argazkia: Ernst Scheidegger
© Ernst Scheidegger
Collection Fondation Giacometti, Paris