Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-jarduerak eta -eremuak diseinatzen ditu, erakusketen osagarri gisa, eta jarduera eta eremu horiek tresna ugari eskaintzen dituzte, bai erakusketa-aretoetan, bai online, jendeak hobeto uler ditzan artistak eta haien lanak.
XX. mendeko lehen urteetako hirien garapena desorekatua izan zen, eta gizarte-klaseen arteko zuloa handitu egin zen. Pertsona ugari hiri-kanpoaldeko auzoetan bizi zen oso osasun-baldintza eskasetan; kaleetan pobrezia eta indarkeria agerikoak ziren, eta protestak areagotu egin ziren. Berlin, Londres, Mosku, Paris, San Petersburgo eta Viena ziren Europako orduko hiri nagusiak.
Aldi berean, Lehen Mundu Gerrak eragindako politika- eta gizarte-aldaketen ondorioz, Europan mugimendu sufragistak gora egin zuen, indar bereziaz lngalaterran. Gizarte-mobilizazioak eta emakumeen enpleguaren igoera ezinbestekoak izan ziren haien aldarrikapenak zabaltzeko. Mugimendu feminista XIX. mendeko azken herenean hasi zen, eta hainbat helburu lortu zituen pixkanaka. Adibidez, emakumeen boto-eskubidea —mugatua bazen ere— Lehen Mundu Gerra aurretik onartu zuten zenbait herrialdetan, halo nola Danimarka, Finlandia edo Norvegian. Gerrarteko aldian, emakumeek Alemanian, Austrian, Belgikan, lngalaterran, Herbehereetan, Polonian, Suedian... eskuratu zuten boto-eskubidea; geroago, 1931tik 1974ra, Espainian, Frantzian, Italian, Portugalen eta Suitzan. Hezkuntza eskuratzeko berdintasuna edo soldata-parekidetasuna ziren aldarrikatutako beste eskaera batzuk, oraindik ere lortzeke daudenak gizarte askotan. ldentifikatu dezakezu horietako gairen bat zure ingurunean?
Emakumezko futbol-partida, Parisko txapelketa. Azala: Le Petit Journal —Illustré—, azaroa, 1923. Getty Images.