Errepikatzen diren gaiak

Düsseldorfeko Eskola deitutakoaren parte da Thomas Struth. 1976an Bernd Becher-i eman zioten Düsseldorfeko Arte Ederretako Akademiako lehen argazkilaritza-katedra. Becherrek Hilla Becherrekin batera ematen zituen eskolak. Egun nazioartean ospetsuak diren zenbait artista izan ziren garai hartako ikasle: Thomas Struth bera, Andreas Gursky, Candida Höfer eta Thomas Ruff, besteak beste. Becher senar-emazteen berezko ezaugarria zen beren praktika aske eta heterogeneoa, eta baita bildumatan antolatutako irudiak ere, zuri-beltzean oso ongi definituak zeudenak.

Ikaskuntza hori oinarri hartuta, Thomas Struthek obra-multzoetan egituratuko ditu bere ardurako gaiak, aspektu desberdinak jorratuz, esaterako: hiria Toki inkontzienteak sailean, familia Familia erretratuak multzoan, edo teknologia eta gizakiak sortutako paisaiak Natura & Politika sailean. Begiratu batean obra horiek puntu komunik ez dutela pentsa daitekeen arren, multzo desberdinetan lanean aritu ondoren, gai berrien eta zaharragoen arteko oihartzunak aurkitu ohi ditu Struthek. Horri esker, berriz heltzen die aurrez landutako gaiei, eta, ondorioz, urteak pasa daitezke multzo bat bukatutzat eman baino lehen. Hirietako argazkietan, adibidez, 1970eko hamarkadako amaierakoak dira New Yorkeko bere lehen argazkiak; azkenak, ordea, Jerusalemen egin zituen 2010eko hamarkadan. Segidatasuna ia modu espontaneoan gerta daiteke artean, artistari bidea ematen diolako denbora tarte luze batez gai bat jorratzeko. Struthen multzoak metagarriak dira, eta, oro har, irekiak.

Struthek pinturak bailiran konposatzen ditu bere argazkiak. Pentsatu, une batez, zer dagoen gai antzekoak lantzen dituzten obra guztien azpian. Zein galdera erantzun nahi du artistak hain irudi desberdinen bitartez?

Bere erakusketak antolatu eta argazkien azken konposaketa erabakitzerako unean, musika-analogia bat ere erabiltzen du Struthek:

“Askotan pentsatzen ditut erakusketak musika-piezak bailiran: gaiak, bariazioak eta kontrasteak dauzkate. Erakusketa-espazioan lasaitasunezko eta mugimenduzko uneak egon behar dira, banatuak”.

Artistak, gainera, honako hau ere baieztatu du:

“Ez nago ziur berriz kaleko eszenen argazkirik egingo dudan, ezta oihaneko argazkirik ere. Museoetan ere ez dut berriz lanik egingo, eta, ziur aski, teknologiari buruzko argazkiek ere bere amaiera izango dute momenturen batean.
Familia-erretratuak ordea... familiak beti dira oso interesgarriak”.