ESZENOGRAFIAK
ESZENOGRAFIAK

Eszenografiak eta haiei lotutako lanak David Hockneyren ekoizpenaren alderdi garrantzitsuak dira, ezagunak ez diren arren. 1975ean sortu zuen opera baterako lehen diseinua, Igor Stravinskyren Libertinoaren bidearako (1951), eta, harrezkero antzerkiak eragin handia izan du haren artean eta estetika ulertzeko moduan. Ondoko irudian opera horretako maketa bat ikus ditzakezu, originala, tintaz eta kartoi gaineko argazkiz egindakoa.

Eszenografiak egiteko Hockneyk askotariko baliabideak eta teknikak erabiltzen ditu, besteak beste: grabatuak, collageak eta pinturak; gainera, hiru dimentsioko objektuetan ere horiek guztiak erabiltzen ditu. Askotan maketak egin zituen —hasieran hemengo modukoak, txikiak—. 1981n The Metropolitan Opera antzokiko sei operatarako eszenografiak egin zituen: Erik Satie-ren Desfilea (1916–17), Francis Poulenc-en Tiresiasen bularrak (1947) eta Maurice Ravel-en Haurra eta sorginkeriak (1917–25); urte horretan bertan, beranduago, Stravinskyren hiru operetarako diseinuak egin zituen: Udaberriaren sagaratzea (1913), Erresiñola (1914) eta Oedipus Rex (1927).

Eszenografiok haren bizitza pertsonalean ere izan zuten eragina; esaterako, handik gutxira erabaki egin zuen Los Angelesko etxea lan horietako urdin eta gorri biziez margotuko zuela. Nolanahi ere, beste eszenografia batzuk egin zituen gerora opera hauetarako: Richard Wagnerren Tristan eta Isolda 1987an, Giacomo Pucciniren Turandot 1992n eta 1993n eta Richard Straussen Itzal gabeko emakumea 1993an eta 1996an.

 

Kolore bizi-biziak eta eskala handiko diseinuak egin zituen lan horietarako, eta ezaugarri horiek urte batzuk beranduago Yorkshire-ko paisaietan, erakusketan daudenetan, adibidez, ikus daitezke.

Eszenografien eragina ere beste lan batean ikus daiteke argi: Udaberria heldu da, Woldgate, East Yorkshire, 2011 (bi mila eta hamaika) [The Arrival of the Spring in Woldgate, East Yorkshire, in 2011 (twenty-eleven)]. 52 zatiko lana da, iPad bidez egindako 51 marrazki eta 32 mihiseren gaineko pintura bat. Horren handia da, ezen zinemaren nolakotasunak hartzen dituen, eta hargatik antzerkigintzako eszenaratzearen ikuspegi horren bilakaeratzat har daiteke.