Teknika eta material berriekin esperimentatzen. Ehundurak

1929. urtean, une hartan Bauhaus eskolako zuzendari zen Hannes Meyer arkitektoak enkargatuta, Albersek Bernau-ko (Alemania) Allgemeinen Deutschen Gewerkschaftsbundes Schule eskolako auditorio berriaren horma bat estaltzeko ehun bat diseinatu zuen. Horretarako zelofanaren antzeko material sintetiko bat erabili zuen. Ehun horrek bi alde zituen, bi xede desberdinerako balio zutenak: batak soinua xurgatzen zuen eta besteak, berriz, argia islatzen zuen. Garai horretan, Albersen lana ezagun bilakatzen ari zen eta, pixkanaka, bere obra erakusgai jartzen hasi ziren bere jaioterri Berlinen.

1933ko azaroan Black Mountain College eskolara iristean, Albersek oso material gutxi zituen erabilgarri: Europatik ekarritako material asko bidaian kaltetu ziren eta, eskola zelai erdian zegoenez, baliabide gutxi zuten eskura. Egoera horrek, berezkoa zuen jakin-minarekin batera, material begetalekin —hala nola, jutea, kalamua, artoa, belarra edo eukalipto-hostoak— eta jatorri industrialeko materialekin —metal-haria, kasu— esperimentatzera bultzatu zuen; horiekin, ehundura desberdinak aurkitu, eta konbinazio paregabeak sortu zituen.