ARGAZKIGINTZA ETA BESTE OPTIKA-BALIABIDE BATZUK
ARGAZKIGINTZA ETA BESTE OPTIKA-BALIABIDE BATZUK

Hockneyk muturreko jarrerak hartu izan ditu kameraren erabilerarekiko: sasoi batzuetan guztiz alde egin eta etengabe erabili izan du; besteetan, aldiz, erabat baztertu.

1970eko hamarkadan, argazkigintza erabili zuen subjektua eta ikuslea izateko. Garai horretan, senitartekoak eta lagun hurkoak haren lanaren ohiko gai bihurtu ziren, bai argazkietan bai bestelako euskarritan egindako lanetan. Gurasoak estudioko erretratu tradizionalen modelo izaten ziren eta, 1980eko hamarkadaren hasieran, lagunak Polaroid kameraz egindako ale askoko argazkien konposaketetan agertzen ziren.

Argazki-collage horiek kubismoaren zatikatzea dakarte gogora, eta, izan ere, Pablo Picassoren eragina dute, Hockneyk oso miresten baitu. Etengabe lan egin zuen horrelako lanak egin zituenean: 100 Polaroid argazki baino gehiago egin zituen eta 200 argazki-collage, Pentax 110 eta Nikon 35 mm kamerez ateratako irudiez.

Fotokopiagailuak ere erabili zituen inprimaketa ugariak egiteko eta faxez bidaltzeko. Hala bakarrik eta arin lan egin zezakeen teknika horrekin. Sortze-prozesuaren bide asko ireki zizkioten gailu horiek.

Ondoren, tarte batez, eta modu oso sakonean tresna optikoen aspaldiko erabilera, artegintzan, ikertzen jardun zuen. Antzinako maisuei begiratu zien; haiek lenteak, ispiluak eta beste tresnak batzuk, hala nola, 1807an patentatutako camera lucida, baliatzeko moduari. Camera lucida gailua saiatu nahi zuen, eta 1999 eta 2000 artean 280 marrazki baino gehiago egin zituen —erretratuak— tresna horri esker.

Azkenaldian, teknologia digitalaz, argazkiez nahiz bideoez, baliatu da Hockney. Tamaina handiko eta elementu askoko paisaiak sortu ditu horien bidez, eta erakusketan horrelako lanak daude ikusgai. Argazkiak ez zituen artelana egin aurreko prestaketa-urratsetan erabili, baizik eta lanaren bilakaera ikusteko: elementu bakoitzari argazki bat atera zien eta hura ordenagailuan sartu; horrela, guztiak batu eta artelanaren ikuspegi edota itxura orokorra ikus zezakeen.