in situ: Mark Leckey, sorkuntza-prozesua
in situ: Mark Leckey, sorkuntza-prozesua

Didaktika ekimenaren baitan, Museoak erakusketen osagarri diren hezkuntza-guneak, eduki digitalak eta jarduera bereziak diseinatzen ditu ikusgai dauden lanak hobeto ulertzen laguntzeko tresnak eta baliabideak eskaintzeko xedearekin.

in situ: Mark Leckey, sorkuntza-prozesua izeneko Ba al zenekien…? atal honek Mark Leckey (Birkenhead, Erresuma Batua, 1964) artistaren sorkuntza-prozesuan jartzen du begirada. Leckeyk Turner saria irabazi zuen 2008an, eta sortzailerik garrantzitsuenetako bat da egungo panorama artistikoan.

in situ programarako (208 aretoa) berariaz sortu duen Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean (And the City Stood in its Brightness, 2025) lanak historia eta gure garaiko teknologia uztartzen dituen mundu bat irudikatzen du.

Instalazio honetarako, Mark Leckey Erdi Aroko eta Errenazimentuko ikonografian oinarritu da, Sassettaren [Stefano di Giovanni, Siena, 1392–1450] Itsas bazterreko hiria (1424) margolana erreferentziatzat hartuta. Leckeyren azkenaldiko lanak arte historikoari heltzeko daukan moduak agerian uzten du gizarte garaikidean Erdi Aroko iragana gogora dakarten mundu-ikuskera metafisiko eta sinbolikoekiko berriz piztu den interesa.

Artista britainiarrak paralelismoa ezartzen du Sienako margolariaren geometria mistikoaren eta ordenagailuz sortutako irudietako motibo bitxi eta distortsionatuen artean, azken horiek teknologia berriei esker hezur-mamituak, besteak beste, adimen artifizialaren eta 3D inprimaketaren bidez. Leckeyk erakusketa honetarako sortutako soinu-bandak, Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean instalazioaren giro onirikoa indartzeaz gain, lanak eragiten duen murgiltze-esperientzia areagotzen du.

Leckeyk hezkuntzarekiko eta ezagutzaren elkartruke irekiarekiko duen etengabeko konpromisoarekin bat etorriz, gune honek artistaren ikus-entzunezko bi lan eskaintzen ditu, baita material bisuala eta baliabide digitalak ere, denak arreta handiz hautatuak obra sakonetik bizitzeko eta artistaren interesak nabarmentzeko, bereziki musikarekiko joera.

Margolan honi begiratzen diodanean, iruditzen zait gaur egun mundua
hautemateko dugun modua deskribatzen duela, nolabait ere orduko hirirantz
atzera egiten ariko bagina bezala.
Ez dago espazio bateratu baten sentsaziorik, ezta ikuspuntu bat eta
bakarrik ere. Aitzitik, hiri irrazionala da: eraikinek eskala eta geometria
desberdinak dituzte; denak dirudi arina
eta laua, materiaren eta espirituaren
arteko erdibidean balego bezala.

Mark Leckey