Sotok Caracasko Arte Ederren Eskolan egin zituen ikasketak, eta bertan Europako arte modernoa eta Paul Cézanne eta Pablo Picasso bezalako artistak ezagutu zituen; errealitatearen inguruan zituzten ikuspegi eskematikoak iraultzaile gisa ulertu zituen Sotok. Europako abangoardiek erakarrita, Parisen jarri zen bizitzen 1950. urtean, eta iristean Los Disidentes taldeak hartu zuen; hau da, Venezuelako diasporako artista taldeak, jaioterriko artea berritu nahi zuenak praktikarik modernoenak sustatuaz. Parisen egon zen lehen urteetan, Sotok talde ezberdinetan jotzen zuen gitarra bizibidetzat, eta urte horietan sortu zen Los Yares taldea. Musikako konposizio egiturekiko zuen interesa, bestalde, inspirazio izan zuen lan serialak eta bariazioak egiteko, baita koloreen eskema propioa garatzeko ere.
Testuinguru horretan, Atelier d’Art Abstrait-ean antolatutako hitzaldiak Sotorentzat funtsezkoak izan ziren honako hauek bezalako artistak ezagutzeko: Piet Mondrian eta haren konposizio ortogonal soilak; Kazimir Malevitch eta zuriaren gaineko monokromo zuriaren inguruko haren proposamen erradikala; eta László Moholy-Nagy eta mugimenduaren, argiaren eta gardentasunaren inguruan zituen haren teoriak, Vision in Motion entseguan argitaratuak. Bestalde, erabakigarria izan zen artistak Marcel Duchampen gailu optiko motorizatuak ezagutzea, bereziki, Esferaerdi errotatiboa (1925), Denise René galerian aurkeztua Le Mouvement erakusketaren (1955) parte bezala; bertan sortu zen Arte Zinetikoa terminoa eta Sotok ere parte hartu zuen erakusketan. Hurrengo urteetan zehar, Sotok aurreko artista horiek proposaturiko ideia batzuk landuko zituen, ikerketa artistikoa esperimentazio zientifikoaren eta pertzepzioaren filosofiaren gertuko arlora eramanaz. “Laugarren dimentsioaren” ideiarekin,
Sotok denbora eta ikuslearen mugimendua artelanean sartzea planteatu zuen, era horretan arte zinetikoko obra guztien zutabeetariko bat definituaz. Sotok paper nagusia eman zion ikusleari, soilik horren mugimenduaren bitartez, obra “martxan jartzen baita”. Ikusleak instalazioetan sartu ahal izateko eta bertako partaide izateko asmoarekin, Barneragarriak delakoak sortzen amaitu zuen hirurogeiko hamarkadaren amaieran. Sotok persona guztientzako obrak egiten ditu, adinaren edo kulturaren aldetik alderik gabe eta artearen historiari buruzko ezagutzarik zuzenean aipatu gabe. Hori dela-eta, haren lana espazio publikoak aldatzeko eta esperientzia estetiko kolektiboak sortzeko utzi zen: Parisen UNESCOren eraikinean erakutsitako Muro cinético (Horma zinetikoa, 1969) lanetik hasi eta hiri berean handik hiru hamarkadara aurkeztutako Sphère Lutétia (Lutezia esfera, 1996) obrara bitarte, erakusketa hori dela-eta, Guggenheim Bilbao Museoaren kanpoaldean berriro instalatua.
Argazkia: Copyright Luis Carlos Obregón