Bizitza eta heriotza

Baconek margotu zituen lehen motiboen artean daude harategietan zintzilik ikusten zituen okela zatiak; azkenean ibilbide osoan landu zituen [ikus Gurutziltzaketa baterako hiru estudio (1962) 205. aretoan]. Baconentzat haragiak bizitzaren eta heriotzaren zikloa adierazten zuen. Bigarren Mundu Gerrak eragindako sufrimendu eta suntsipena haren pinturetako haragiaren, ataldutako gorputzen eta, beharbada, irekitako ahoen irudietan islatzen dira. Era berean, bikotekide George Dyer-en heriotzak utzitako aztarna —1971n egin zuen bere buruaz beste, Baconek Pariseko Grand Palais-en atzera begirakoa inauguratu baino egun batzuk lehenago— nabaria da ondorengo lanetan, Dyerren irudi espektrala sarritan agertzen baita. 1990eko hamarkadaren hasierako obretan haragiak beste zerbait adieraz dezake: artista gaixorik zegoela eta hurbil-hurbil zeukala heriotza.
1992ko eskutitz batean, Baconek Damien Hirst aipatu zuen — garai hartan Londresko Saatchi Collection-en artelanak zituen artista gaztea zen—: Hirstek behi baten burua erabili zuen lan batean eta, ziur asko, artistak nolabaiteko kidetasuna sentitu zuen biek antzeko irudiak baliatzen zituztela jakitean.