Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.
Bauhaus eskola. Alemania Estreinako topaketa ehunekin

Albersek Hanburgoko Arte Aplikatuen Eskolan (Kunstgewerbeschule) ikasi zuen 1920. urtean, baina irakaskuntza tradizionalarekin desengainua hartu eta esperimentalagoa zen prestakuntza bat bilatu zuen. Weimarren zegoen diseinu eta arte aplikatuetako eskola alemaniar berri bati, hau da, Bauhaus eskolari buruzko liburuxka batek liluratuta, 1922. urtean bertan plaza bat eskatzea erabaki zuen.

Bauhaus eskolak izaera liberala berezkoa omen zeukan arren, Albersek aurrera egin behar izan zuen gizonezkoen mundu batean. Walter Gropius erakundearen zuzendariak “fisikoegiak” ziren eskoletan parte ez hartzea (metalurgia, zurgintza) gomendatzen zien emakumeei. Horregatik, Albersek ehunak aukeratu zituen, eta oztopoak oztopo, Bauhaus “arte akademikotik urrundu behar ginela bazekien eskola berritzaile” gisa deskribatu zuen.

Bere interesek ez zuten guztiz bat egiten Bauhaus eskolaren ikuspegi praktiko eta industrialarekin, baina eskolak proposatzen zuen curriculum zabal eta askeak bere kezka artistikoak garatzeko aukera eman zion:

Bauhaus eskolaren alderdi erakargarriena zen oraindik ez zegoela inolako irakaskuntza sistemarik ezarrita […] eta dena zure esku egongo balitz bezala sentitzen zinen; zure lan egiteko era topatu behar zenuen, nolabait […]. Ziur aski, askatasun hori ikasle orok esperimentatu beharreko funtsezko zerbait da.