Richard Artschwager
Richard Artschwager

1950eko hamarkadaren erdialdera, Richard Artschwagerrek (Washington D.C., 1923–Albany, AEB, 2013) lehenengo sartu-irtenak egin zituen artearen munduan. Sasoi berean, nazioartean ospetsuak ziren artista asko hasiak ziren abstrakziotik urruntzen eta New York, Londres edo Paris bezalako hirietan hainbat mugimendu sortzen. Atlantikoaren bi aldeetan, artearen ekoizpena ulertzeko modu berriak sortu ziren eguneroko bizitzako objektuetan oinarrituta, publizitateak eta telebistak herri-kultura menperatzen zuten garai batean egin ere.

Pop artea 1950eko hamarkadan sortu zen Ingalaterran, eta hirurogeikoan New Yorken nagusitu zen. Andy Warholen Campbell zopa-ontziak (Campbell Soup Cans) arte berriaren ikono bihurtu ziren, eta irauli egin zituzten camp delakoa, goi- eta behe-mailako kulturaren kontzeptuak, hutsalkeria eta gustua.

1960ko hamarkadan zehar, pop artearekin batera, beste korronte artistiko bat ere garatu zen AEBetan: minimalismoa (besteak beste literalismoa edo ABC artea ere deitua). Minimalismoan, inolako erreferentziarik gabeko forma materialei ematen zitzaien lehentasuna; egitura geometrikoari, eta ez adierazpen subjektiboari; fabrikazio industrialari, eta ez eskulanari. Mugimenduaren funtsezko figuretako batzuk Donald Judd, Dan Flavin, Carl Andre eta John Chamberlain izan ziren.

Garai bertsuan, abangoardiako beste mugimendu bat sortu zen: arte kontzeptuala. Mugimendu horren printzipioak minimalismoaren sinpletasunean, serieko konposizioan eta hizkuntza deskriptiboak ematen duen ironiaz betetako sentikortasunean oinarritzen ziren, eta komunikazioa lehenesten zuten ekoizpenaren gainetik. Joseph Kosuth-en Tituluduna (Artea ideia gisa ideia gisa) [Titled (Art as Idea as Idea)], Sol LeWitt-en Egiturak (Structures) eta Robert Barry-ren obra ikusezinak eragin handiko mugimendu horren adierazgarri dira.

Urte horietan, Artschwager “ukitzeko margolanak” eta “ikusteko eskulturak” sortzen ari zen. Bere lanetan, lausotu egiten ziren poparen, minimalismoaren eta arte kontzeptualaren arteko mugak; artistak nahiago zuen haren bulkada artistikoak korronte batean edo bestean sailkatzeko edozein ahaleginetik at geratzea.

Artschwagerrek gure ingurune hurbilenean eta bizi garen tokian jartzen du arreta, dena ez baita dirudiena. Helburu komertzialetarako garatu berriak ziren etxeko materialak erabiliz —formika, Celotexa eta kautxuz estalitako zaldi-zurdak, adibidez—, Artschwagerrek halako harridura-sentsazio bat eman zien itxuraz arrunt-arruntak diren eguneroko etxeko objektuen eskulturei: ateak, leihoak, mahaiak, ispiluak, alfonbrak eta abar.

Bitartean, Europa oso bestelako testuinguru soziopolitikoan zegoen, eta, ondorioz, eguneroko bizitzari ikuspegi desberdinetatik heltzen zioten mugimenduak sortu ziren.

Errealismo berria 1960ko hamarkadaren inguruan sortu zen, eta pop artearen bertsio propioa eman zion Parisi. Nouveaux réalistes izenekoak artista gazteak ziren, eta kontsumoaren kulturako materialak eta hondakinak erabiltzen zituzten kaleko bizimoduaren erreferentzia ugari biltzen zituzten artelanak egiteko.

1963an, Mendebaldeko Alemanian, Gerhard Richter-ek, Sigmar Polke-k eta Konrad Lueg-ek errealismo kapitalista sortu zuten. Geroago, Luegek Konrad Fischer galeria zabaldu zuen (amaren ezkongabetako abizena erabiliz), eta, bertan, Artschwagerren eta beste artista kontzeptual eta minimalista ugariren obrak jartzen ziren ikusgai. Richterrek, Polkek eta errealismo kapitalistako beste kide batzuek pop artearen antzeko moldeetan agertzen zituzten hedabide masiboetako irudiak, eta xehetasun kritikoak txertatzen zituzten ekialdeko herrialdeetako artean nagusi zen errealismo sozialistaren arabera.

Objektu artistikoaren izaera birdefinitu zuten korronte horietako kide askorentzat, Duchampen aurkitutako artea edo ready-made delakoa funtsezko erreferentzia historikoa izan zen. Iturria (Fontaine) lanaren 1917ko aurkezpen polemikoarekin, Duchampek bide eman zion ikuspegi artistiko ironiko eta erradikalari, zeina alderdi kontzeptualetan oinarrituta baitzegoen, eta ez materialetan. Duchampentzat, objektu funtzional bat —botilategi bat, pixaleku bat edo bizikleta-gurpil bat— objektu artistikoa bihur zitekeen fisikoki eraldatu beharrik gabe: nahikoa zen beste toki batean kokatzea.

Bere bizitzako une garrantzitsu batean, Richard Artschwagerrek arotz- eta ebanista-lana utzi zuen, eta artean murgildu zen buru-belarri. Margolari eta eskultore gisa, inolako funtziorik ez zuten eta, aldi berean, hain justu ere funtzioak gure espazioetan eta gure bizitzan duen esanahiaz hausnartzera bultzatzen zuten obrak sortzea zuen helburu. Asmo horrekin, blp izenekoak asmatu zituen; hau da, gure inguruneari arreta jartzera behartzen gaituzten zeinuak. Blp horiek material eta tamaina desberdinetakoak dira, eta edozein gainazaletan jar daitezke, edonon: zintzilik zein lurrean bermatuta, erakusketa-gunearen barruan zein handik kanpo.

Richard Artschwager with Door }, 1984
Argazkia: Ben Blackwell

BBK-k babesten duen Didaktika proiektuaren barruan, gune didaktikoak, Ba al zenekien…? deituriko online edukiak eta jarduera bereziak diseinatzen ditu Museoak erakusketen osagarri dira, bertako obrak ikusten eta ulertzen laguntzeko tresnak eta baliabideak eskainiz.