Guggenheim

Yoko Ono (Tokio, 1933) Arte Kontzeptualaren eta performancearen aitzindaria da. Haren artelanek ohiko nozioak zalantzan jartzen dituzte eta giza existentziaren oinarrizko gaiak lantzen dituzte. Artistaren interes eta alderdi batzuek haren artegintza taxutu dute neurri handi batean, hala nola, irudimenaren indarrean sinesteak, konpromiso politikoak, umore-senak, zentzugabetasunerako lerak, eta nazioarteko gatazkak edo gizartean emakumearen rolaren inguruko sentiberatasunak. Bizitzako esperientziek itxuratu dituzte sineste horiek, eta pazifismoaren eta feminismoaren alde egitera eta mugimendu horietan parte hartzera bultzatu dute artista. Kontzeptuak, eta ez materialak, dira bere artelanen oinarrizko osagaia. Bere artelan asko poetikoak, absurdoak edo utopikoak dira; beste batzuk oso zehatzak eta gauzatzeko modukoak dira, baina guztiek artistaren umore-sena erakusten dute, baita gizarteari kritika egiteko nahia ere. Ideia batzuk objektutan hezurmamitzen dira, eta beste batzuk immaterialaren esparruan geratzen dira.

Ono New Yorkeko abangoardiaren artista garrantzitsu bihurtu zen 1960ko hamarkadan eta harreman estua izan zuen beste artista batzuekin, besteak beste, John Cage (1912–1992) konpositorearekin, George Maciunas (1931–1978) Fluxs mugimenduaren sortzailearekin —mugimenduaren oinarrietako bat da eguneroko jarduerak arte bihurtzea—, eta Jonas Mekas (1922) zinegilearekin. 1961ean, Maciunasek Onoren bakarkako lehen erakusketa antolatu zuen (New Yorken egindako pintura eta marrazki kontzeptualen lehen erakusketetako bat izan zen). 1962an artista Tokiora itzuli zen. Bertan, lehenbiziko aldiz Japonian, bakarkako kontzertua eta erakusketa eskaini zituen, Sōgetsu Art Center-en. Arte-diziplina askori eskainitako gune esperimental garrantzitsu hori zabalik egon zen 1958tik 1971ra. 1964an New Yorkera itzuli zenean, Onok kontzertuak ematen eta performanceak egiten jarraitu zuen Carnegie Recital Hall-en (1965) eta beste hainbat lekutan. Halaber, Fluxus mugimenduaren hainbat ekitalditan hartu zuen parte, Nam June Paik (1932–2006), Shigeko Kubota (1937–2015) eta beste artista batzuekin elkarlanean. 1966an Londresera joan zen eta Destruction in the Arts Symposium (DIAS) izeneko hainbat performancetan hartu zuen parte. Besteak beste Gustav Metzger-ek antolatutako nazioarteko ekitaldi horrek mundu osoko artista, kritikari eta zientzialari garrantzitsuak bildu zituen artean suntsiketa gaiari buruzko mahai-ingurua egiteko.

Bilborako nahien zuhaitza lanean ikusleak esku har dezake. Onok 1996an hasi zuen lan-sorta batekoa da. Lan-sorta horrek Japoniako ohitura historiko eta erlijioso bat du jatorri: otoitzak eskegitzen dituzte zuhaitz, zuhaizka zein banbu landaretan. Artelan honetan artistak bisitariei proposatzen die “bakea”ren aldeko mezu bat idazteko eta ondoren zuhaitzean zintzilikatzeko. Mezu hodiek geroago artistari igortzen zaizkio Irudikatu bakea dorrea (Imagine Peace Tower, 2007) proiektuan sartzeko. Onok bere senarra izan zen John Lennonen (1940–1980) omenez sortutako argi-instalazio hau Reykjavik-eko Viðey uhartean kokatua dago. Desioen putzu baten moduan diseinatu zuten obra, eta munduko bakearen aldeko Lennonen borroka eta Onoren militantzia sinbolizatzen ditu. Guggenheim Bilbao Museoan Bilborako nahien zuhaitza ikusgai dago modu jarraikian, baina parte hartzeko bi modu txandakatzen dira: aldiro, bisitariek desioak idazteko aukera dute eta, aldiro, desio horiek zuhaitzari xuxurlatzeko aukera. Onok artelan honen zenbait bertsio sortu ditu eta munduko hainbat museotan daude, hala nola, Veneziako Peggy Guggenheim Collection-en, Tokioko Arte Garaikidearen Museoan, Washingtongo Hirshhorn Museum and Sculpture Garden-en eta Guggenheim Bilbao Museoan.