Ono, Yoko

Tokyo (Japan), 1933

Yoko Ono | Artistas | Guggenheim Bilbao Museoa

19

33

Yoko Ono 1933ko otsailaren 18an jaio zen Tokion. Familiarekin batera San Frantzisko, New York eta Tokiora mugitu zen eta hiri horiek izan zituen bizileku. Musika klasikoko eskolak hartu zituen, piano eta ahotsari lotutakoak batez ere.

41

1941ean, Japoniara itzuli zen Yoko Ono, eta bertan bizi izan zen zenbait urtetan. 1945eko martxoan Tokio suntsitu zuen bonbardaketatik bizirik irten zen.

51

Gakushūin Universityn sartzea lortu zuen Yoko Onok eta filosofiako lehen emakumezko ikaslea izan zen. Existentzialismoaren, marxismoaren eta bestelako diziplina filosofikoen berri izan zuen unibertsitatean, bai eta ideia bakezaleen berri ere. Bi seihilekoren ostean, unibertsitatea utzi eta New Yorkera aldatu zen familiarekin batera; Sarah Lawrence Collegean matrikulatu zen bertan, eta konposizioan eta poesia garaikidean espezializatu zen.

55

Sarah Lawrence Collegea utzi zuen. Toshi Ichiyanagi musikagile abangoardista ezagutu eta elkarrekin jarri ziren bizitzen Manhattanen. John Cage ezagutu zuen, eta baita Morton Feldman, Richard Maxfield, David Tudor eta Merce Cunningham ere. 1959an, jendaurrean agertu zen lehen aldiz Ono, multzo txiki baten aurrean, eta artista independente gisa sona hartzen hasi zen. Pizte lana (Lighting Piece) (1955) konposizioa 1961ean interpretatu zuen lehen aldiz, eta, obra horren bidez, “ekitaldien partiturak” (“event scores”) sortzen zituen lehen artistetako bat bilakatu zen.

60

Yoko Onok loft bat alokatu zuen New Yorkeko Chambers Streeten eta ekitaldiak eta kontzertuak antolatu zituen bertan La Monte Youngerekin batera. Marcel Duchamp, Peggy Guggenheim eta George Maciunas izaten ziren, besteak beste, bertara gonbidatuak. Testuinguru honetan, Jarraibideen pinturak (Instruction Paintings) lana aurkeztu zuen eta, era berean, bakarkako lehen erakusketa egin zuen Maciunasek New Yorken duen AG Galleryn.

62

Yoko Ono Japoniara itzuli zen eta Tokion bizi izan zen 1964. urtera arte. Bakarkako lehen kontzertua eta erakusketa antolatu zituen Sogetsu Art Centerren, eta Pinturak egiteko jarraibideak (Instructions for Paintings) —horietako batzuk– erakutsi zituen. Ekitaldi hartan bertan, John Cagekin batera agertu zen Ono performance batean eta zenbait obra interpretatu zituen Cage eta David Tudorrekin batera.

63

Yoko Onok Anthony Cox ezagutu zuen. Ezkondu eta 1963ko abuztuaren 3an Kyoko Cox alaba jaio zen. Garai hartan iritsi zen Tokiora Nam June Paik eta Onorekin batera parte hartu zuen zenbait performancetan. 1964an, Goizeko lana (Morning Piece) interpretatu zuen, haren bidez iraganeko eta etorkizuneko goizak salmentan jarriz. Pomeloa (Grapefruit) liburu artistikoa argitaratu zuen; liburuak zenbait Jarraibide (Instructions) jasotzen ditu. Mozte lana (Cut Piece) eta Zaku lana (Bag Piece) interpretatu zituen Onok Kyotoko “Contemporary American Avant-Garde Music Concert: Insound and Instructure” ekitaldian. 1964–65eko neguan, New Yorkera bizitzera joan ziren Ono eta Cox, eta postalak baliatuta zenbait ekitaldi sortzeari ekin zion Onok, esaterako, Borobila marrazteko ekitaldia (Draw Circle Event).

65

“New Works of Yoko Ono” izeneko kontzertua aurkeztu zen New Yorkeko Carnegie Recital Hallean. Zenbait Fluxus ekitalditan parte hartu zuen Onok eta Taupada lana (Beat Piece) interpretatu zuen lehen aldiz Perpetual Fluxfest presents Yoko Ono jaialdian. “Fluxorchestra at Carnegie Recital Hall” izeneko bigarren kontzertuan, berriz, Zeru lana Jesu Kristorentzat (Sky Piece for Jesus Christ) obra aurkeztu zuen. Lehen “irudizko obrak” aurkeztu zituen, hots, soilik ikusleen adimenetan gertatzen direnak.

66

Yoko Onok Gela urdineko ekitaldia (Blue Room Event) interpretatu zuen bere etxean bertan, eta, geroago, baita Sirakusako Everson Museumean eta New Yorkeko MoMAn ere. Destruction in Art Symposium (DIAS) ekitaldiko zenbait performancetan parte hartu zuen eta bakarkako erakusketa aurkeztu zuen Londresko Indica Galleryn. Bertan ezagutu zuen John Lennon. 1966–67an, Filma 4. zk. (Ipurdiak) [Film No.4. (Bottoms)] film luzearen bertsioa egin zuen Onok. Filma zentsuratu egin zuten hasiera batean Britainia Handian, baina 1967an estreinatu egin zen. Lehoia biltzeko ekitaldia (Lion Wrapping Event) obra interpretatu zuen Trafalgar Squaren; Onok lehoi baten eskultura handi bat oihalez estaltzean zetzan obra. Half-A-Wind Show Onoren bakarkako erakusketa ospetsua inauguratu zuen Lisson Galleryk.

68

Elkarrekin kontzertuak emateaz gain, Yoko Onok eta John Lennonek lehen performancea sortu zuten elkarrekin, Ezkur ekitaldia (Acorn Event). Bestalde, Onok aurretik egindako zenbait obra interpretatu zituzten, Zaku lana (Bag Piece), esaterako. Batera egindako lehen bi filmak estreinatu zituzten Chicagon, Bi birjina (Two Virgins) eta Filma 5. zk. (Irribarrea) [Film No. 5 (Smile)], eta Unfinished Music No. 1: Two Virgins diskoa, elkarrekin egindako lehena, kaleratu zuten.

69

Yoko Ono eta John Lennon Gibraltarren ezkondu ziren martxoaren 20an. Hilabete horretan bertan aurkeztu zuten Bortxaketa (Rape) filma. Eztei-bidaia alde batera utzita, munduan bakea lortzearen alde, Ohean bakearen alde (Bed-In for Peace) interpretatu zuten Amsterdameko Hilton hotelean. Performance bera aurkeztu zuten Montrealeko Queen Elizabeth hotelean, eta Give Peace a Chance kantua grabatu zuten bertan. Gerra amaitu da! (zuk nahi baduzu) [War Is Over! (if you want it)] zioten iragarki panel eta poster erraldoiak jarri ziren mundu osoko hamabi hiritan. Bakearen aldeko ezkurrak (Acorns for Peace) ekintzan, ezkurrak igorri zizkieten 96 estatubururi eta nazioarteko politikariri. Bake deiak (Peace-Phonecalls) egin zituzten zenbait irratitan.

70

Yoko Onok Askatasuna (Freedom) eta Eulia (Fly) filmak egin zituen. Lennonekin elkarlanean ekoitzitako Apoteosia (Apotheosis), Zutitzea (Erection) eta Imajinatu (Imagine) filmak, berriz, zenbait zinema jaialditan erakutsi ziren. This is Not Here atzera begirakoa aurkeztu zuen Yoko Onok Sirakusako (New York) Everson Museumean. Maciunasek ere parte hartu zuen erakusketa honetan, eta, lehen aldiz, Ur ekitaldia (Water Event) eta HARRIDURA (AMAZE) aurkeztu zituen. Zenbait Banatzaile (Dispensers) ere ikusgai izan ziren, eta horien bidez, bisitariek txanponak sartuz, aire, ezkur eta bestelako objektuz betetako kapsulak eskuratzen zituzten. (Ipur)Arte Moderno Museoa (Museum of Modern (F)Art) “irudizko ekitaldiaren” harira (ez zen benetako erakusketa, baina iragarri egin zuen), erakusketa bat antolatu zuen Onok Museum of Modern Arten. Hedabideetan iragarri zen erakusketa eta horren inguruko katalogo bat argitaratu zen.

72

National Organization of Women erakundeak emandako Positive Image of Women Award saria eskuratu zuten Yoko Onok eta John Lennonek Woman is the Nigger of the World eta Sisters, O Sisters kantuengatik. Onoren lehen pop diskoa, Approximately Infinite Universe izeneko LP bikoitza, argitaratu zen. 1972an, Documenta 5-ean erakusketa bat aurkeztu zuen. Sean Tara, Ono eta Lennonen semea, jaio zen 1975eko urriaren 9an.

76

Bi bidaia luze egin zituzten Japoniara Yoko Onok, John Lennonek eta haien semeak. Bizitza publikotik urruntzen hasi zen pixkanaka bikotea. John Lennon tiroz hil zuten 1980ko abenduaren 8an.

81

Walking on Thin Ice eta Goodbye Sadness bideoak aurkeztu ziren, bai eta zenbait single eta Season of Glass eta It’s Alright (I see Rainbows) LPak ere. Urteko diskorik onenaren Grammy saria irabazi zuen Onok Lennonekin batera grabatutako azken LParengatik. Onok Lennonen oroimenez diseinatutako Strawberry Fields monumentua jarri zuten New Yorkeko Central Parken.

86

1989an, Yoko Ono: Objects, Films bakarkako erakusketa aurkeztu zen New Yorkeko Whitney Museum of American Art museoan. Artistaren brontzezko eskultura berriak ikusgai egon ziren lehen aldiz. Yoko Ono: The Bronze Age erakusketa aurkeztu zen AEBetako eta Europako zenbait hiritan. Jon Hendricks artista eta Fluxusen aditua izan zen komisarioetako bat; geroago, Onoren proiektu ugaritan parte hartu zuen.

90

1990ean, Yoko Ono: In Facing erakusketa antolatu zen Riverside Studiosen. Veneziako Bienalean ere parte hartu zuen, Fluxus gai nagusi gisa hartuta. Atzera begirako zinematografiko bat estreinatu zen New Yorkeko American Federation of Artsen, eta, geroago, mundu osora hedatu zen. 1992an, Onobox bilduma argitaratu zuen CD formatuan; kantu berriak eta aurretik egindako konposizioen berrargitaratzeak jasotzen zituen. Zenbait ekitaldi publikori begirako kontzeptuak garatu zituen Onok, esaterako, Yoko Ono: Gizakia izatearen ospakizuna (Yoko Ono: A Celebration of Being Human) instalazio handia Alemaniako Langenhagenen. Yoko Ono: Pizte lana (Yoko Ono: Lighting Piece) ekitaldi ikusgarria aurkeztu zuen Florentziako hiri-ingurune batean.

96

1995ean, Rising diskoa argitaratu zen remix moduan. Yoko Onok bira bat egin zuen AEBen eta Europan barrena Sean Lennonen IMA taldearekin. Interneten erakusketa birtualak jartzen lehen artistetako bat izan zen eta, besteak beste, Internet 1996 World Exposition taldekako erakusketa eta Yoko Ono: One Woman Show bakarkako erakusketa aurkeztu zituen Los Angeles Museum of Contemporary Art museoaren webgunean. Erakusketa fisikoetan parte hartzen jarraitu zuen, esate baterako, Yoko Ono: Conceptual Photography Kopenhageko Fotografisk Centerren, Yoko Ono: En Trance – Ex It Alacanten eta Valentzian (Espainia) eta Yoko Ono: Have You Seen a Horizon Lately? atzera begirakoa Britainia Handian, Alemanian, Finlandian eta Israelen.

00

YES Yoko Ono, artistari buruz orain arte egin den atzera begirako zabalena, ikusgai jarri zuten New Yorkeko Japan Societyn 2000. urtean, eta, ondoren, Ipar Amerikako, Koreako eta Japoniako zenbait lekutan erakutsi zuten.

2003an, Mozte lana (Cut Piece) interpretatu zuen Onok berriz ere Parisen, hirurogeita hamar urte zituela. Liverpooleko Bienalean parte hartu zuen.

05

2007an, Yes, I’m a Witch remixa argitaratu zen. Imagine Peace Tower inauguratu zuten Reykjaviken. Yoko Ono: Between the Sky and My Head atzera begirakoa aurkeztu zen 2008an Bielefeldeko Kunsthallean (Alemania) eta Gatesheadeko Baltic Art Centren (Britainia Handia). 2009an, bere ibilbidea saritzen zuen Urrezko Lehoia irabazi zuen Onok Veneziako Bienalaren 53. edizioan. 1973az geroztik Plastic Ono Bandek grabatutako lehen diskoa, Between My Head and the Sky, kaleratu zen, Sean Lennonek ere parte hartzen zuela.

10

Urte luzeetan lehen aldiz, Plastic Ono Bandeko kideak bildu zituen Yoko Onok elkarrekin kontzertu bat eskaintzeko. 2011–2012an, bere ibilbidea aitortzen zuten sari ugari jaso zituen, besteak beste, nabarmentzekoak dira Hiroshima Art Prize, Oskar Kokoschka Prize eta Lifetime Achievement Award Dublineko Bienalean. To the Light erakusketa aurkeztu zuen Londresko Serpentine Galleryn. 2013an, HALF-A-WIND SHOW, bere laurogeigarren urtebetetzearen harira egindako atzera begirakoa, aurkeztu zen Frankfurteko Kunsthallean, Humblebaekeko Louisiana Museumean (Danimarka), Kremseko Kunsthallean (Austria) eta Guggenheim Bilbao Museoan.

Partekatu