Une honetan ikusgai (302 aretoa)

Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak)

1997Akrilikoa horma gainean
Kokapen zehatzeko neurriak

1960ko hamarkadan, oso erradikala zen artea emozioek baizik, ideiek sor dezaketela defendatzea. Hanne Darboven, Joseph Kosuth eta Lawrence Weiner artistek, adibidez, matematikaren eta hizkuntzaren ereduak erabili zituzten ikuspegi kontzeptual horren adarkatzeak miatzeko. Sol LeWittek ondorioztatu zuenez, idatzizko instrukzioen forma zeukaten logika-sistemak ezarri behar ziren (adibidez, "izkinatik, alboetatik eta zentrotik saretako puntu zehatzetara doazen lerroak" edo "hiru kubo-moten hiru zatiren aldaera guztiak") eta, hartara, artelan baten emaitza hezurmamitu aurretik itxura zitekeen. Prozesu horren argitasunak murriztu egiten zuen lana objektu diskretutzat hartaraztera behartzen gaituen alderdiaren indar berezia, eta adierazpideen hizkuntzazko eta ikusizko konbentzioen arteko erlazioan sakontzen zuen. Izan ere, testu-sistema horien soiltasunak, dela LeWitten modulu-egiturei, dela 1968an hasi zituen horma-irudiei aplikatuta, gezurtatu egiten du itxuraz mugagabea den permutazio baten ikusizko konplexutasuna eta, aldi berean, oparoa eta zorrotza den lanen multzo bat sortzeko oinarri kontzeptuala ezartzen du.

Tradizioan, marrazki baten gainazal landua jo izan da artistaren prozesu sortzailearen osagai pertsonalentzat eta zuzenekoentzat. Bere horma-irudietan, LeWittek elementu autografikoa ez agertzen zela segurtatzen zuen eta horretarako lana egitea beste batzuen eskuetan uzten zuen. Idatzizko instrukzio inpertsonaletan oinarritu arren, LeWitten horma-irudien gainazalak bistarako lan bikain bihurtzen dira. Lehenengo horma-irudiak arkatzez, kolorezko arkatzez, klarionez edo pastelez egiten zituen arren, ondorengo hamarkadetan LeWittek tintak eta kolorezko tinten urkoloreak (1980ko hamarkadaren hasieratik) eta pintura akrilikoa (1997tik aurrera) erabiltzea agindu zuen; hartara, emaitza gero eta deigarriagoak eta koloretsuagoak lortu zituen. Era berean, hasierako lanetan agertzen ziren kurba eta zuzen nahiko soilek eredu eta forma gero eta irregularragoei eta alaiei eman zieten bidea. "Ikusleak lanak eta hormen tamaina ikusten dituenean, lanen propietate fisikoak atzematen hasi behar da. Antzezpen- eta dekorazio-alderdia saihestezinak dira eta lanari indarra emateko erabili behar dira", azaldu zuen artistak [1]. Bi nolakotasun horiek —antzezpen-kutsua eta dekorazio-alderdia— agerian geratzen dira Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak) [Wall Drawing #831 (Geometric Forms)] lanean; izan ere, kokapen zehatzeko lana da, Guggenheim Bilbao Museoko bigarren solairuko galeria zabal baterako (208 aretoa) propio sortu zuen LeWittek 1997an, Museoaren irekiera urtean. Lan honek, artistak pintura akrilikoan egindako lehenengo marrazkietako bat, gorri, urdin, laranja, berde, more eta gris bizi saturatuak agertzen ditu. Forma geometriko irregularrak tolestu egiten dira Frank Gehryk diseinatutako aretoaren horma kurbatu eta inklinatuarekin batera eta pintura arkitektura-ingurunearekin bat egiten eta eraldatzen da.

Oharra:
1. Sol LeWitt, honetan aipatua, Andrea Miller-Keller: "Excerpts from a Correspondence, 1981-1983", in Susanna Singer et al., Sol LeWitt: Wall Drawings, 1968-1984, Stedelijk Museum, Amsterdam, 1984, 19 or.

Iturria:
J. Fiona Ragheb: "Sol LeWitt", in Nancy Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

Jatorrizko izenburua

Wall Drawing #831 (Geometric Forms)

Data

1997

Teknika / Materialak

Akrilikoa horma gainean

Neurriak

Kokapen zehatzeko neurriak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa

Ikuspuntuak

Sol LeWitten Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak)

Israel Galván flamenko-dantzari eta koreografoa eta Maite Borjabad arte-arduraduna Sol LeWitten Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak) [Wall Drawing #831 (Geometric Forms), 1997] lanaren instalazio-prozesu bete-betean sartuko dira. Obraren eta une horren berezitasunak bultzatuta, Galvánek ezingo dio dantza egiteko gogoari eutsi.