Ez dago ikusgai

Harresi hiria

1995–2000Zinka eta aluminioa
450 x 300 x 600 cm

Miquel Navarro valentziar eskultorearen obrak hiri-paisaiaren etengabeko bilaketa du ezaugarri. Pintore-heziketa edukitakoa, Navarro egitura- eta arkitektura-forma geometrikoen bi dimentsioko irudiak sortzen zituen hasieran: paisaia-zatiak edo irudimenezko hiriak. 1972an, banakako bere lehenengo erakusketaren urtea zuela, Navarro eskulturara aldatu zen eta, 1973an, bere lehenengo Hiriak (Ciudades) sortzen hasi zen. Horrelako instalazioak lurrean jartzen ditu batere oinarririk gabe, eta elkarrengandik banandutako hainbat tamainako, itxurako eta materialetako pieza geometrikoez osatzen ditu. Hasieran, terrakotaz egiten zituen baina, 1985etik aurrera, hainbat metal erabiltzen hasi zen: burdina, zinka eta aluminioa, adibidez. Bada, giza eskalako metropolien fikziozko topografia marrazten dute lanok eta eskulturaren eta arkitekturaren arteko jarduna sortzen dute. Navarroren miniatura-hiriak horizontalki hedatzen dira galeriako lurzoru guztitik, eta bertikalki altxatzen dira puntu batzuetan, garaiera aztoragarriko dorre falikoak bailiran. Hiri-hazkundea gogora ekartzen dute Hiriak lanek eta ildo horretatik gizakiak sortzen dituen paisaiaren aldakortasunari buruz artistak daukan esperientzia islatzen dute: 1950eko hamarkadatik aurrera, bere jaioterri Mislata, garai batean industria-gune txikiek zipriztindutako labore-lur zabalek inguratzen zutena, eraldatzen hasi zen, hurbileko Valentzia hedatzen ari baitzen.

2000. urtean Veneziako Bienalak Navarro gonbidatu zuen Fondazione Giorgio Cini-n egin zen erakusketan parte hartzera. Nazioarteko Arkitektura Erakusketa zen aldi berean ikusgai izan zuen bere lana, bost bat urte lehenago hasi zuen Harresi-hiria (Ciudad muralla) instalazioa. Garai hartan jadanik tamaina handiko, 1.000 bat osagaiko, lana bazen ere, gerora Navarrok instalazioa 4.000 elementu izateraino handitu zuen: egungo tamaina. Harresi-hiriak 500 bat metro koadro bete ditzake (alboko neurriak aldakorrak dira tokiaren arabera); bere dorreek, berriz, 4,5 metroko garaiera izan dezakete. Navarroren Hiri honetan eta beste batzuetan ere, biztanlerik ez dagoen arren, badago giza presentzia inplizitu bat. Instalazioak betetzen duen espazio erreala fisikoki ibiltzera gonbidatzen du ikuslea eta, aldi berean, horretan bere burua ikustera, irudimenezko eskala baten arabera. Horrez gain, artistaren arabera, "hiria gorputz baten modukoa da, arterietatik (elementu horizontaletik) odola dabilkio; elementu bertikalei dagokienez, berriz, hormak daude, dorreak. Giza gorputza arteriek, benek, jariakinek, bihotzak, muinak eta azalak osatzen dute. Hiri bat definitzean, gorputza bat definitzen duzu"[1].

Oharra:
1. Miquel Navarrori egindako elkarrizketa, 2004, Guggenheim Bilbao Museoko ikerketa-artxibategiak.

Iturria:
Petra Joos: "Miquel Navarro", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Jatorrizko izenburua

Harresi hiria

Data

1995–2000

Teknika / Materialak

Zinka eta aluminioa

Neurriak

450 x 300 x 600 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa