Ez dago ikusgai

Kaosaren teoria

2021–24

Metahaven kolektiboaren lana nazioartean ezaguna da artearen, zinematografiaren eta diseinuaren arteko mugak desitxuratzeko duen gaitasunarengatik. Kaosaren teoria (Chaos Theory, 2021–24) bideo-instalazioa ikus-entzunezko poema hunkigarri bat da, eta mundu hiperkonektatu batean giza harremanen konplexutasuna jorratzen du, une bakoitza kalkuluz eta iragarpenez beteta baitago baina gertagaitza eta ustekabekoa ere etengabe sortzen da. Instalazioari izenburua ematen dion filmak bi emakumeren arteko elkarrizketa du ardatz, X (Valentina Di Mondo) eta Y/Z (Georgina Dávid), zeinek gogoetatsu aurre egiten baitiete haien bizitzako konplexutasun eta ñabardura emozionalei. Haien esperientzia komuna elkarri lotuta dago, gorputzak elkarrengandik urrun egon arren. Elkarrekin jolasten edo ibiltzen diren bitartean, haien arteko elkarrizketa hiri-periferiako espazio irekietan zehar, ikastetxe batetik irtetean, edo lekurik intimoagoetan, esaterako, igogailu batean edo gela batean, gertatzen da, eta horiek guztiek kutsu alegoriko eta oniriko nabarmena dute. Arintasun ludikoa denborari eta grabitateari buruzko eztabaida existentzialekin tartekatuz, Kaosaren teoriak ama, ahizpa eta neskatxa izatearen berezko emozio aldakorrak aztertzen ditu.

Amsterdamen kanpoaldean filmatu zen filma, eta azpiegituren eta hiri-bizilekuen paisaiaren eta poetika ireki eta ez linealaren arteko kontrastea areagotzen du. Aldi berean, irudiaren konposizioak batzuetan ikuspegi edo pantaila ugari agerrarazten ditu pantailaren barruan, horietako bat gorriz delineatuz motibo berri bat aurkezten denean, bideo-konferentzia baten antzera. Horrekin, Metahavenek berriro erakusten du arreta berezia jartzen diela gaur egungo harreman-moduei eragiten dieten eraldaketa teknologikoei, batez ere pandemiaren ondorengo esparruan. Espazioaren aldetik, bideo-instalazioak ehunezko pieza handi bat du, eta, horrela, bisitariek fisikoki elkarreragin dezakete filmean aurkeztutako motiboekin eta ehundurekin. Datu eta bektore grafikoak nahasten dira artilezko pieza trinko batean; horrek garraio publikoen ohiko tapizeria gogoraraz dezake, eta gure ingurunean nonahi dauden ukipen-pantailen izaera leun eta gogorrari kontrapuntu bat eskaintzen dio, gure emozioen komunikazioan kontaktuaren balioa nabarmentzearekin batera.

Jatorrizko izenburua

Chaos Theory

Data

2021–24

Teknika / Materialak

Kanal bakarreko filma, 25 min, 30 s, kolorea, soinua (ingelesa, frantsesa, euskara, hungariera), eskuz egindako alfonbra, elementu ugari, 600 x 600 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa