Ez dago ikusgai

Levitas

1998Kristal puztua
Kokapen zehatzeko neurriak

Lehendabizi bere jaioterri Euskal Herrian trebatutakoa eta, gero, Parisen eta Berlinen, Javier Pérez 1990eko hamarkadaren hasieran hasi zen artelanak sortzen, eta garai hartan Europan jorratzen ari zen gorputzaren estetikan beste norabide berezi bat ireki zuen. Pérezek gure barnealdearen alderantzizko irudi erakargarriak sortu ditu eskultura-objektuetan, performanceetan, marrazkietan eta bideoetan, eta kanpoaldeko perimetrora eraman ditu gizakiaren organikotasuna, lizunkeria eta barnealdea. Beraz, hizkuntza eta kulturaren bidez aditzera ematen den "gizarteratzea" ezeztatu edo eraldatu egiten du eta "animalia" izaerari heltzen dio; hala, "fase natural, primitibo eta kultura-aurreko"[1] horretatik gure izatasunaren ezegonkortasunaren inguruan hausnartzera bultzatzen gaitu.

Levitas instalazioan (1998), desagertu den irudi batek aztarna misteriotsu bat utzi du: oin-markek markatutako beirazko bola itxuragabeen lorratza. Artistak beira erabiliz sortu duen lehenengo lana da Levitas; Pérezek adierazi duenez, baliabide horrek gorputzarekin du erlazioa, beira-puzte tradizionalean arnasketa erabiltzen baita. Artistak "beiraren magia" "dituen mugak dituela, barnealdetik kanpora doan prozesu"[2] gisa hartzen du. Levitas lanean, kristal-antzeko esferek hezurmamitzen dute gure barnealdeko niaren substantzia hauskorra. Lan honetan beira erabiltzean joko metaforiko bat pizten da: oinaren forma beirazko boletan dago harrapatuta eta bola horiek, era berean, ganbera pneumatiko gardenen modukoak dira. Hala, gorputzaren fisikotasuna iragankorra den arren, kanpoko munduarekin harremana izateko nahia kanpoaldeko beste azal batek oztopatzen du. Oinek hegaldun urratsak eman ditzakete aditzera eta gogora ekartzen dute gizakiak mundua ulertzearren bere baitatik ihes egiteko duen premia (Pérezentzat ideia garrantzitsua da). Inguratzen dituzten bolek, ordea, lurrera lotzen dituzte airera ez daitezen. Ildo horretatik, Pérezek gure barnealdetik kanpoaldera egiten dugun hegaldi zapuztuari egiten dio erreferentzia.

Oharrak:
1. Javier Pérez, honetan aipatua: Blanch, Teresa: "Huéspedes y gemelos", in Javier Pérez: Mudar (Sala Rekalde, Bilbo, 1998), 34. or.; Teresa Blanchekin 1997ko azaroan izandako elkarrizketak.

2. Blanch, Teresa: "Rojo", in Javier Pérez: Mutaciones (Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madril, 2005), 42. or. Bartzelonan 2004ko otsailetik apirilera Javier Pérez eta Teresa Blanchen artean izandako elkarrizketa.

Iturria:
Blanch, Teresa: "Javier Pérez", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Jatorrizko izenburua

Levitas

Data

1998

Teknika / Materialak

Kristal puztua

Neurriak

Kokapen zehatzeko neurriak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa