205 Aretoa
XX. mendearen bigarren erditik aurrera, klima-aldaketak kultura globalari ezartzen dizkion mutazioak susmatu eta irudikatu dituzte munduko bazter guztietako artistek. Egoera larri horren mezulari goiztiarretako batzuek indar ia profetikoz transmititzen digute desoreka ekologiko horren gaineko kontzientzia, eta begirada birbideratzeko galdegiten digute. Inguru naturalean barreiatzeko eta harekin bat egiteko xedez sortzen diren obrek agerian uzten dute ekosistemen egoeragatiko ardura, eta aditzera ematen dute egiten dugun guztia haien parte dela. Gorputzarekin, lurrean eta lurrarekin zuzenean eraikitako edo amestutako esperientzia horiek geroari edo kultur ondareari buruzko ohiko nozioen aurkakoa den egia material bat eratzen dute. Artelan iragankorren eraikuntzari eta paisaian desagertzen diren keinuen trazadurari, hondarrez, substratuz edo lastoz egindako eskultura antimonumentalen ekoizpena ere gehitzen zaie hemen. Historikoak diren lanotako batzuk bertoko materialekin egin dira, berariaz, erakusketa zabaldu baino denbora gutxi lehenago. Oso une eta testuinguru desberdinetan sortuak izan arren, pieza horiek urgentzia- eta freskurasentsazio berbera adierazten dute, hemen eta orain. Ezagutza eta errituala uztartzen dituzten praktiketatik botanikaren, biologiaren eta espiritualtasunaren arteko topaketak loratzen dira hala.

