205. gela

008Galleries Eliasson

Maketa-gela (Model room, 2003) obran, geometriako 450 bat eredu, prototipo eta estudio daude, tamaina ezberdinetakoak. Oro har, Eliasson-ek bere estudioko taldearekin egindako lanaren eta Islandiako Einar Thorsteinn (1942–2015) artistarekin, matematikariarekin eta arkitektoarekin jorratutako lankidetza luzearen erregistroa dira.

1996 eta 2014 urte artean, biek elkarrekin egin zuten lan proiektu askotan, eta Eliasson-en eskultura eta pabiloi batzuen forma geometrikoak, simetriak eta proportzioak aztertu zituzten. Maketa horiek egiteko, material sorta zabala erabili zuen artistak; hala nola, kobrezko haria, kartoia, fotokopiak, lego-piezak, egurra, aparra eta gomazko bolak. Horrela, urte askotan zehar, «erreferentziazko liburutegi» gisa balio izan dute Olafur Eliassonen lantegirako. Gaur egun, Maketa-gela Stockholm-eko Moderna Museet-en bildumakoa da, nahiz eta estudioak eta bereziki diseinu eta geometria taldeek maketak eta prototipoak sortzen jarraitu, ikerketaren zati gisa.

Isla baten deskribapena edo haren ezaugarriei buruzko ariketa atsegin bat (Eine Beschreibung einer Reflexion, oder aber eine angenehme Übung zu deren Eigenschaften, 1995) lanean, foku bat ispilu biribil batera zuzenduta agertzen da, eta horrek argia azalera ondulatuko bigarren ispilu batera islatzen du. Azken horrek, berriz, errotazio oso bat egiten du 30 segundoro, eta, egiten duen neurrian, argi irregularra islatzen du baita ere zirkulu-formakoa den proiekzio-pantailaren atzealdean.

Zure zalantzazko itzala (kolorea) [Your uncertain shadow (colour), 2010] obran, koloretako bost foku lurrean aurkitzen dira elkarrengandik oso hurbil, eta argia horma zuri batera zuzentzen dute, koloreak nahasiaz eta argi zuria eginaz. Bisitariak fokuen aurreko espaziora sartzean, haien itzalak horman agertzen dira haien mugimendu guztiak handitzen dituzten koloretako silueta-multzoak sortuz, eta itxuraz zuria den argi hori osatzen duten koloreak agertarazten dituzte.