209 Aretoa

Barbara Kruger maiz itzultzen da bere obra goiztiarretara, haietako hitzak, esaldiak edo irudiak berreskuratu eta baliabide, testuinguru eta eskala berrietara eramateko xedez. 2019 eta 2020 bitartean, 1980ko hamarkadako bere argazki-collageetako batzuk berregituratu zituen animatuko LED bideo-formatuan. Replay horietan —hala deitzen ditu Krugerrek—, hizkuntzak eta irudiak esanahiari forma emateko duten moduari buruzko ikerketan sakontzen du artistak. Areto honetan ikusgai dagoen piezarik berriena Untitled (Verdad) da; obra horretan, bere ikerketari jarraipena ematen dio artistak, eta egiaren beraren izaera aldakorrari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen gaitu. Krugerrek kulturari, botereari eta nortasunari buruz ditugun ideiak zalantzan jartzeko egiten duen ahalegin etengabearen erakusgarri dira lan hauek.