301 Aretoa. Yayoi Kusama

Infinituaren isla-gela – Gizakientzako zorion-guraria, unibertsoaz harainditik igorria (2020) lanak agerian jartzen du mundu osoan aintzatetsitako Yayoi Kusama artistaren ikuspegi berezia. Sorkuntza garaikidearen aitzindari nabarmena izaki, gizartea aldatzeko bitarteko gisa ulertzen du artea, eta performancea, pintura, marrazkia, eskultura, literatura eta bere murgiltzeinstalazio ezagunak —Infinituaren isla-gelak— baliatzen ditu horretarako.

Artista gaztetan hasi zen bere ekoizpenaren bereizgarri diren tantoak eta forma naturalen motiboak lantzen, pairatzen zituen haluzinazioen ondorioz hasi ere. Forma horiek patroi gisa errepikatu zituen behin eta berriz Infinitusareak deitu zuen sailean. 1957an New Yorkera iritsi ondoren ekin zion Kusamak sail horri, eta denetariko lanak barne hartzen zituen: pinturak, eskultura bigunak, collageak, filmak eta instalazioak. Saileko pintura monokromatiko handiek, pixkanaka, gero eta hedadura handiagoa hartu zuten, eta mihisearen mugetatik kanpo zabaldu ziren, haiekin hormak eta, aurrerago, gela osoak —zorutik sabaira— betetzeraino. Infinitu-sareak lanek New Yorkeko abangoardiako eszenaren arreta lortu zuten. Dena den, gizonak nagusi ziren arte-eszena hartan bere lanak aitortza ofizialik ez izateak krisi sakona eragin zion, eta, hala, 1970eko hamarkadan Japoniara itzuli eta eremu publikotik desagertu zen; baina lanean jarraitu zuen, artea terapia gisa landuz betiere. Haren lana 1980ko hamarkadan hasi zen berriro ere jendaurrean erakusgai jartzen; sorkuntza berrietarako pizgarri gertatu zitzaion hura, eta nazioarteko aintzatespena ere eman zion.

 
Infinituaren isla-gela — Gizakientzako zorion-guraria, unibertsoaz harainditik igorria obra laurogeita hamar urtetik gora duen artistaren azkenetakoa da. Murgiltze-esperientzia batean sarrarazten gaitu: Kusamak bere haluzinazioak proiektatzen ditu bertan, bere unibertso obsesiboaren partaide egiten gaitu, eta gela infinitu honetako ispilu-hormetan azkenik gabe biderkatzen diren koloretako argien joko zirraragarri eta paregabean desagertzera gonbidatzen gaitu.