Guggenheim

Gerhard Richter (1932) Bigarren Mundu Gerra hasi baino urte batzuk lehenago jaio zen Dresden; gerra ostean Ekialdeko Alemaniaren parte izan zen hiria. Harresiaren bestaldean garatzen ari ziren Informalismoak eta Espresionismoak interesa piztu zioten, eta 1961ean Düsseldorfera joan zen bizitzera. Bertan Konrad Fischer (1939–1996), Blinky Palermo (1943–1977) eta Sigmar Polke (1941–2010) ezagutu zituen, besteren artean. Garai horretan, argazkietan oinarritutako pinturak egin zituen, eta aurretik ere horrelakoak egin izan arren, artistak azaldu du horiek izan zirela lehenengoak, “hasiera berria” bilatzen baitzuen. Haren ibilbidean bihurgune bat izan ziren eta 1962 baino lehenagoko argazki-pinturak iraganekotzat jo zituen. 1960ko hamarkadaren azken erdialdetik hasita mota horretako itsas paisaiak egin zituen, 1998 arte; urte horretakoa da hemen ikusgai dagoen Itsas paisaia.

Lan honetan paisaia nola irudikatu duen ez dago argi: paisaia egiteko baliatutako argazkiaren eta margotutako azaleraren artean ezberdintzea nahasgarria gertatzen da. Berariaz eragindako nahasketa da: artistak asko diluitzen du pigmentua, argazki baten azalera laua lortzeko, eta, argazki batzuetan gertatu moduan, irudia lausoa da; horrek argazkiaren eta pinturaren artean desberdintzea zailtzen du. Ikustearen eta hautematearen zerizanaren inguruko hausnarketa da, eta hainbat iturri ditu, usadiozkoak —Caspar David Friedrich (1774–1840) pintore aleman erromantikoaren paisaia malenkoniatsu eta atmosferikoak— eta herrikoiak —oporretan hartutako argazkiak—.