303 Aretoa. Pop artearen oihartzunak
1960ko hamarkadan, AEBko artista-belaunaldi berri batek aurre egin zien espresionismo abstraktuaren konbentzio estetikoei, tartean, espontaneotasunari eta sorkuntza-keinuaren emozioari. Marcel Duchampen ildotik eta haren readymade (objektu aurkitua) ideia baliatuta, pop artistek gutxietsi egin zuten lan artistikoaren originaltasuna, eta kontsumo-gizarteko elementuak eta irudiak berenganatu zituzten —hala nola ontzi komertzialak, ospetsuen erretratuak nahiz komikietan inspiratutako binetak—, artelan bihurtzeko xedez. Sortzaile haien artean nabarmenak izan ziren Andy Warhol, serigrafia bezalako prozesu mekanikoak erabilita artistaren aztarna pertsonala lausotu zuena, eta James Rosenquist, bere mihiseetan publizitate-hesi handien estrategia grafikoak baliatuta konposizio monumentalak sortu zituena irudiak zatikatu eta konbinatuta.
Warhol eta Rosenquistekin batera, areto honek beste artista batzuk ere aurkezten ditu, denak ere bereziki 1980 eta 1990eko hamarkadetan pop artearen ondarea berenganatu eta hedabideek menderatutako aro hiperkonektaturantz proiektatu zutenak. Jean-Michel Basquiatek azpikultura urbanoen sinboloak eta identitateari eta arrazari lotutako erreferentziak txertatu zituen bere obran; Martin Kippenbergerrek umorean ardaztu zuen bere lana, artearen konbentzioak hankaz gora jartzeko eta bere sorkuntzen esanahia ulergaitz egiteko helburuz. Jeff Koonsek eta Damien Hirstek ere zalantzan jartzen dituzte artearen munduan nagusi diren seriotasuna eta sofistikazioa, objektu arruntak artelan bihurtuz. Erwin Wurmek eta Mike Kelleyk, berriz, elementu arruntak hartu eta distortsionatu egiten dituzte, edo bestelako testuinguru batean jartzen, gizarte garaikidea kuestionatzeko eta kontsumismoari eta haren gehiegikeriei lotutako alienazio-moduak agerian uzteko; Tom Sachsek umorez eta ironiaz uztartzen ditu artisautzako produkzio-baliabideak eta luxuzko markei zein elementuei egindako keinuak: jatorrizko objektuaren perfekzioa zapuzten du, eta zalantzan jartzen ditu kontsumoaren fetitxismoa eta benetakotasunaren nozioa.
Praktika artistiko horiek askotarikoak bezain ironikoak, dibertigarriak eta kritikoak dira, eta Guy Debord eta Jean Baudrillard pentsalari garaikideen ideietatik tira eginez, aditzera ematen dute gure kulturan irudiak zuzeneko esperientziak baino garrantzi handiagoa duela, eta ikuskizuna nagusi dela eguneroko bizitzan.



