305 Aretoa. Abstrakzioa eta espazioa

Espazioa, errealitate ukiezin eta ikusezin gisa ulertuta, funtsezko zeregina betetzen hasi zen arte abstraktuan 1950eko hamarkadatik aurrera. Areto honetan, belaunaldi, testuinguru eta estilo desberdinetako artistek espazioaren irudikapen tradizionala —ilusioan eta perspektiban oinarritua— gainditzen dute, pertzepzio eta esperientzia bisual berriei bide emateko. Eduki narratibo edo anekdotikorik gabeko artelanotan kolore eta lerro bakoitzak, bolumen eta forma geometriko bakoitzak, leku fisiko bat hartzeaz gain, ingurunea esperimentatzeko modua aldarazten du.

Mark Rothko eta Robert Rymanentzat kolorea da margolanean esperientzia espaziala aktibatzeko tresna. Rothkoren geruza eta gradazio kromatiko biziek bildu egiten gaituzte; Rymanek, berriz, ikuspegi minimalistagoa hartu zuen, eta zuria erabiltzen zuen argia, testura eta aldaberatasun bisuala indartzeko artelana behatzen ari denaren posizioaren eta espazioa argiztatuta dagoen moduaren arabera. Bestetik, Ellsworth Kellyren konposizioetan, ezohiko formatuengatik eta kolorearen tratamenduagatik nabarmentzen diren horietan, erritmoa iradokitzen duen espazio bat sumatzen dugu, baita bolumena ere, planoari eutsita egon arren. Pablo Palazuelok, aldiz, bere lerroek aditzera ematen dituzten patroiak eta espazioak ikusmenarekin zeharkatu eta irudimenarekin osatzera bultzatzen gaitu; era horretan, eremu bizi eta aktibo gisa esperimentatzen dugu artelana. Pinturaren eta eskulturaren arteko erdibidean, Richard Tuttleren forma minimo eta delikatuek elkarrizketa sotila sortzen dute objektuaren, ingurunearen eta publikoaren artean. Al Heldek, berriz, mihisearen mugetatik harago hedatzen diren forma geometrikoak eta irudipenezko perspektibak erabiltzen zituen. Azkenik, Jorge Oteizak masa desokupatzen zuen hutsa agerian uzteko, eta Eduardo Chillidak materia modelatzen zuen argia eta ingurunea barnean hartzeko; horren adibide da, esaterako, Sakona airea da, non alabastro zulatuak presentziaz eta esanahiz betetako elementu bihurtzen duen hutsa.