306 Aretoa. Keinua eta ekintza
Bigarren Mundu Gerraren ondorio suntsitzaileen aurrean, artista eta intelektual askok hasiera berri bati ekiteko beharra sentitu zuten. Modernitatearen hastapenetatik helburu nagusietako bat ezarritakoarekin zeharo haustea izan bazen, gerraosteko kinka latzean premiazko bihurtu zen haustura hori gauzatzea. Izan ere, Jean-Paul Sartreren existentzialismoa —“bere ekintzek definitzen dute gizakia”— gerraosteko eszena kulturalean barrendu zen, bai Europan bai AEBn, eta eragin zuzena izan zuen subjektibotasuna, ekintza eta keinua ardatz zituen arte berri baten agerraldian. Hemen, joera horren erakusgarri ditugu Lucio Fontana, Helen Frankenthaler, Yves Klein eta Antoni Tàpies.
Fontanak mihiseak ebaki eta zulatu egiten zituen planoaren bi dimentsioak gainditzeko eta infinitua margolanean sartzeko; Antoni Tàpiesek, berriz, urratu, harramazkatu eta zartatu egiten zituen materia metatuz osatutako oihalak, margolanaren azalera horma hondatu baten irudi bihurtu eta denboraren joana, hauskortasuna eta memoria iradokitzeko. Antropometriak eta Su-margolanak sailetan, Kleinek erritual performatibo gisa heldu zion sorkuntza plastikoari; lan horietan, zuzenean erabiltzen zituen gorputza eta naturako elementuak, eta arte bihurtzen zituen bai prozesua bai emaitza. Frankenthalerrek, berriz, pintura diluitua isurtzen zuen lurrean jarritako mihiseen gainean, kolorearen manipulazio intuitiboa ardatz hartuta.
Henri Michauxen ekoizpenean ere ageri dira Klein eta Frankenthalerren lanen gestualitatea eta zoria, baina asmo introspektibo eta psikikoago batetik helduta. Michauxen irudi fantasmagorikoak ez dira errepresentazio bisual hutsak, keinuaren bidez inkontzientea esploratzeko prozesu baten irudikapenak baizik.
Adierazpen-askatasun hori bera eta zoriarekiko interesa nabarmenak dira ondorengo belaunaldietako artistengan ere. Cy Twomblyk, esaterako, mihisearen gainazaletik eskua askatasunez mugitzen uzten zuen, keinuautomatismoari bide emanda, hitzak, zirriborroak eta ikur abstraktuak gehitzeko. Martha Jungwirthen margolanetan, berriz, intentzioaren eta espontaneotasunaren arteko elkarreraginetik sortzen da trazu eta orban bakoitza, eta koloreak eta materiak ezin aurreikusizko moduan zehazten dute azken emaitza.



