Abangoardiako emakume errusiarrak
Abangoardia errusiarreko emakume artista aitzindarien ezabaketa etengabea harritzekoa da, asko eta bikainak izan baitziren, eta bere garaian aitortza handia izan baitzuten. Ezabatze horren adibide adierazgarria da, esaterako, Linda Nochlin-ek ez zuela sortzaile errusiar bat bera ere aipatu “Zergatik ez da egon emakume artista handirik?” (1971) artikuluan. Hala ere, artista horiek argitara atera ziren berriro Abangoardiako amazonak erakusketari esker, zeina 2000. urtean antolatu baitzen Deutsche Guggenheim Berlin eta Guggenheim Bilbao Museoetan. Errusiako Inperioan emakumeek arte ederrak ikasteko modua izan zuten 1871tik aurrera, eta horrek argitzen du artista-kopuru handiaren zergatia. Artista bakoitzak bere estilo propioa izan arren, badute ezaugarri komun bat: ez ziren margolaritzaren arlora mugatu. Poesiak, liburuek, antzerkiak, jantzi-diseinuak eta ehungintzak eskainitako aukerak baliatuz, eguneroko bizitzara eraman zuten abstrakzioa. Ibilbide indibidual horiek ekarpena egiten diote margolaritza abstraktuaren historiari, eta abstrakzioari buruzko kontakizun monolitiko bat egiteko tentazio oro suntsitzen dute.