Arte publikoa eta enkargu publikoak, 1960–1990eko hamarkadak
1968an, arteak gizartean zuen papera defendatzeari ekin zion Asawak, San Frantziskoko Arte Batzordean, Kaliforniako Arte Kontseiluan eta Artearen aldeko Funts Nazionalean parte hartzeko aukera zuela baliatuta. Halaber, bere praktika artistikoa San Frantziskoko herrigintza-arlora hedatu zuen artelan eta enkargu publikoak eginez, “edonork gozatzeko moduko eskultura” sortu ahal izateko. Artelan horiek izaera kolaboratiboa izaten zuten maiz, eta herritarren bilgune bilakatu ziren: oroimenerako eta ospakizunerako leku. Atal honetan bildutako dokumentazioak, argazkiek, artelanek eta bideoak azpimarratu egiten dute Asawaren ibilbidean hainbesteko garrantzia izan zuen alderdi hori.
San Frantziskoko Ghirardelli plazarako egindako Andrea (1968) brontzezko iturria izan zen Asawaren aire zabaleko lehen enkargua. Eskultura kostaldean kokatuta dagoenez, artistak bi itsaslamina irudikatu zituen, horietako batek haur bat besoetan duela, igel eta dortokaz inguratuta. “Itsas ertzera gerturatu eta dortoka edo itsaslaminaren bat noiz agertuko zain egoten diren haur guztiak (eta agian heldu bakanen bat ere) izan nituen gogoan”, azaldu zuen artistak.
1973an, Gran Hyatt hotelak Union Square plazarako San Frantzisko iturria diseinatzeko enkargua egin zion Asawari. Artistak 250 senide, lagun eta haurren laguntza izan zuen irin-buztina erabiliz hiriko eszenaz osatutako irudi panoramiko bat osatzeko; gero, pasarte horiek guztiak brontzez galdatu zituzten. San Frantzisko iturria lanak eguneroko material arruntak, talde-lana eta ikusleekiko hartu-emana zituen oinarri, denak ere Asawak artea irakatsi eta egiteko zuen moduaren erakusgarri.
1994ko martxoaren 5ean, San José hiriko udalak enkargatutako Japoniar-estatubatuarrentzako barneratze-esparruen oroimen-monumentu itzela inauguratu zuen Asawak. Paul Lanier seme eta artistarekin eta Nancy Thompson artistarekin elkarlanean sortu zuen, eta piezak modu zuzenean heltzen die japoniar jatorriko jendeak Bigarren Mundu Gerran zehar jasandako espetxeratze bidegabeen inguruko historia pertsonal nahiz partekatuei. Bere esperientzia nahiz beste hainbesterena gogoan, artistak honela azaldu zuen lanaren asmoa: “Bizitakoari giza aurpegia jartzea”.
Asawaren azken enkargua, Oroimenaren lorategia (2000–02), San Francisco State Universityn dago, eta Bigarren Mundu Gerran campusetik bota eta barneratze-esparruetara eraman zituzten japoniar jatorriko hemeretzi ikasleren omenez egina da. Asawak japoniar estiloko haitzezko lorategi bat proposatu zuen, eta Isao Ogura eta Shigeru Namba paisajistekin elkarlanean aritu zen hura egiteko. “Oroimen-monumentu hau jendearen bilgune izatea nahi dut, elkarrekin pentsatu eta gozatzeko”, aitortu zuen. “Gogorarazten digu […] zaindu egin behar dugula gure askatasuna”.

