Artista-Koloniak eta -taldeak: Worpswede eta Die Brücke / Espresionismoa eta Surrealismoa

307. Aretoa

Bremenetik hurbil dagoen Worpswede herriko artista-kolonia osatzen zuten pintoreek inguruko eremu zingiratsuetan eta txilardi lehorretan jarri zuten arreta, baita bertako nekazarien lanean ere. 1900. urtean, artista horiek bidaia bat egin zuten Parisko Erakusketa Unibertsala ikustera joateko, eta, han, Camille Corot, Jean-François Millet eta Théodore Rousseau artisten paisajismoa aztertu zuten; hirurak ere Barbizongo artista-koloniako kideak, zeina eredutzat baitzuten.

Paula Modersohn-Becker Worpswedeko koloniaren sortzaileetako bat izan zen Otto Modersohn-en bigarren emaztea izan zen. Bremenen hazi zen Paula, eta Worpsweden egin zuen lan, baina askotan joan zen Parisera, eta hala, lotura berezia sortu zuen Frantziako hiriburuaren eta Bremenen artean. Nahiz eta garai hartako Parisko artistek eragin handia izan zuten berarengan, Modersohn-Beckerrek beti iraun zien leial Worpswedeko gaiei: bertako jendea eta paisaiak. Hala ere, Parisen eman zuen denboran bildutako ideiak haren natura hiletan islatuta geratu ziren (ez zen oso ohikoa koloniako pintoreek natura hilak margotzea), baita paisaia zingiratsu abstraktuetan ere, zeinak hain abstraktuak ziren, ezen bere kideengandik urrundu baitzuten Modersohn-Becker.

Gustav Pauli Worpswedeko artista-kolonia babestu zuten Alemaniako arte-munduko figura nagusietako bat izan zen, eta, 1908an, Modersohn-Becker hil eta urtebetera, haren obrari buruzko lehenengo atzera begirakoa antolatu zuen.

Areto honetan, egile horren estilo berezia ikus daiteke, espresionismoaren agerpen goiztiar gisa. Estilo horrek eragina izan zuen xx. mendearen lehenengo erdialdeko arte frantsesak eta alemanak geroago izan zuten bilakaeran. Hemen ikusgai dauden obrek espresionismoaren aurrerapena erakusten dute (bereziki, Die Brücke artista-taldearen lanetatik hasi eta Max Beckmann-en lanetara), baita surrealismoaren garapena ere (André Masson-en lanetatik Richard Oelze-ren lanetara).

Lotura estua dago Bremenen, Kunsthalleren eta arte moderno frantsesaren artean, eta lotura horren hari nagusia Michael Hertz (1912–1988) arte-merkatari bremendarra da. Daniel-Henry Kahnweiler arte-merkatariaren lagun handia eta ideologiakidea izan zen Hertz, eta Pablo Picassoren obra grafikoak Alemanian izan zuen ordezkari bakarra. Alemaniako museo eta bildumazale gehienek Hertzi erosi zizkioten Picassoren obra grafikoak, eta horri esker da hain zabala Kunsthalleren bilduma, zeinak Picassoren ehunka pieza baititu. Hala ere, erositako koadro aipagarriena Picassoren Sylvette erretratua izan zen. 1955ean erosi zen, obra pintatu eta urtebetera, eta artistaren estilo berantiar bertutetsuaren adibide bikaina da.