ATRIOA ETA KANPOALDEA
201. ETA 204. ARETOAK
Artea eta espazioa erakusketa dela-eta, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako hainbat artelanek gune desberdinak hartuko dituzte, bigarren solairuko aretoez gain. Atrioan eta Museoaren kanpo-terrazetako batean, esaterako, Eduardo Chillidaren bi eskultura handi jarriko dira: Espazioari aholkua V (1993) eta Besarkada XI (1996). Era berean, Atrioan eta bigarren solairuko guneen artean Sergio Pregoren Diedroen segida (2007) lanaren osagai batzuk ere egongo dira ikusgai, haren maketa eta bozetoekin batera; artistak 2007an Guggenheim Bilbao Museoarentzat berariaz egindako gailu robotikoa da hori.
Agoramakia (estatuaren kasu zehatza) lanaren bi bertsio aurki ditzakegu Artea eta espazioa erakusketan. 201. aretoak obraren bertsio osoa hartzen du, zementuzko idulkiarekin eta artistaren saiakera bat hartzen duen poster batekin; azken horretan, Jorge Oteizaren azken eskultura (forma aldetik Agoramakia gogorarazten duena) ekoizterakoan jazotako gorabeherak azaltzen ditu Mendizabalek.
Bere aldetik, Marcius Galan artista brasildarrak zuzenean esku hartzen du aretoaren horma, zoru eta sabaian, hainbat tindu eta argi-jolasen bitartez; hala, arkitektura diagonalean ebakitzen duen kristalaren ilusioa sorrarazten du.