Bartzelonatik Parisera

Bartzelona kontserbadorean trebatu zen Miró, baina 1910eko hamarkadaren amaieran, Paristik zetozen ideia berriekin konprometitutako pertsona esanguratsuak agertu ziren hirian, hala nola Frederic Mompou konpositorea, J. V. Foix poeta edo Miró bera. Gainera, Lehen Mundu Gerran, abangoardietako hainbat artista garrantzitsu hartu zituen Bartzelonak, besteak beste, Francis Picabia, Robert eta Sonia Delaunay

eta Marcel Duchamp, eta Mirók ezagutu egin zituen. Margolari katalanak Frantziako hiriburura joan nahi zuen, uste baitzuen han sormenaskatasun handia aurkituko zuela, eta bere garaiko artista, poeta eta arte-merkatari aurreratuenak ezagutuko zituela.

1918tik 1920ra bitartean, “detailista” deitu izan zaien obrak margotu zituen Mirók. Egikaritzean nabari duten kontzentrazio eta leuntasun handia dira lan horien ezaugarri nagusiak. Landa-mundu arkadikoa irudikatzen dute, non objektibotasun-nahia begirada ameslari edo haluzinatu bihurtzen den. Lehen garai horretakoa da Autorretratua (1919), eta arte erromanikora hurbiltzen du haren soiltasunak. 1923an, hauxe idatzi zuen Mirók: “Lortu dut naturatik behin betiko askatzea, eta paisaiek jada ez dute inolako zerikusirik kanpoko errealitatearekin”. Barnealdea (Baserritarra) (1922–23), hura ere landa-gaiekin lotua, trantsizioko obra bat da: hartan oraindik ere identifika daitezke katua edo tximinia bezalako elementuak, baina protagonistaren oin biluzi izugarriek berresten dute helburua ez dela irudikapen hutsa, eta agerian geratzen da errealitatea itxuraldatzen duen energia lurretik datorrela.