“Bizitzak berak marrazten du”: lorategitik, 1980–2000eko hamarkadak

Bere ibilbide osoan zehar, Asawa behin eta berriz itzuli zen landareak nahiz loreak irudikatzera, eta lirioak, hortentsiak, urreliliak eta bere lorategiko beste hainbat loreren formak zirriborratu zituen lan-koadernoetan eta paper gainean. Asawarentzat, bizitza bertatik bertara marraztea behaketa hutsaz harago zihoan: munduarekin eta orainaldiarekin harremanetan egoteko modu baliotsua zen. “Bizitzak berak marrazten du”, idatzi zuen behin, inguruko gertakari eta objektuek bere lana zenbateraino definitzen zuten adierazteko.

1985ean, Asawari lupusa diagnostikatu zioten, eta, ia urtebetez, ahalmen fisikoa nabarmen urritu zitzaion, baina sortzeko grina ez zitzaion amiñi bat ere gutxitu. Bere ibilbideko azken hamarkadetan marrazki botanikoak egin zituen batik bat, eta lan horietako batzuk atal honetan jasota daude. Artelan intimo horiek zeharo errealistak dira batzuetan, abstraktuak besteetan, eta sarritan eskuzabaltasun- keinu batetik jaiotzen ziren: artistaren lagun eta senideek oparitutako landareetatik. Hain zuzen, mota horretako lanetako askoren tituluek pertsona horien izenak aipatzen dituzte, nola diren Albertek oparitutako lorategiko lore-sorta (1999) edo Adamek oparitutako San Valentin eguneko lore-sorta (1991); azken izenburu horrek aipagai du artistaren semea, zeina maiz arduratu baitzen gurasoen loreak zaintzeaz haien azken urteetan. Inguruan zituen elementu naturalak jasota uzteko ohituraren bidez, bere inguruko komunitatea ere dokumentatu zuen Asawak, baita denboraren joana ere.