BIZIKIDETZA-KAXAK
Artista: Manu Muniategiandikoetxea
Maila: 2
Lotura duten gaiak: bizikidetza
Teknika: eskultura eta pintura
Irakaslea: Josu Manterola
Abetxuko Ikastola, Gasteiz
Materialak: kartoi-kaxak, papera, pintura, pintzelak
Artea ikasbide egitasmoaren arrakasta hiru funtsezko elementuren emaitza da: Museoko hezitzaileak eta irakasleak, ikasgelan murgiltzeko aukera ematen dutelako; artistak, sormen-proiektuak iradokitzen dituztelako; eta ikasleak, deskubritu eta sortzeko gozamenari irekitzen daudelako. Abetxuko ikastola arte-sormeneko tailer bihurtu zen 2. mailako 16 ikasleak azaroan marrazki kolektibo erraldoi bat egiten hasi ziren une berean; marrazki horren asmoa kontzeptuak irudikatu eta hasierako ideia-mapa bat sortzea zen. Hogei astean zehar, ordu eta erdiko saioetan, ikasleak hasierako kontzeptu horiei forma ematen joan ziren. Prozesu horretan, ikasleen eta artistaren arteko elkarrizketa sortu zen, eta haien inguru hurbilaren gaineko galdera eta hausnarketak atera ziren: pribatua eta publikoa dena, familien eta harreman interpertsonalen aniztasuna; hiria nolakoa den, parkeak… Halaber, aniztasun hori artean nola islatu zezaketen pentsatu zuten: kaxak eta hitzak, koloreak eta argazkiak erabili zituzten, norbanakoarena eta taldearena dena sinbolizatzeko.
Ikastetxe bakoitzean irakasleek hautatutako gai zehatz baten gainean gauzatzen da proiektua; kasu honetan, bizikidetza izan zen abiapuntua. Manuk ikasleak animatu zituen haien eguneroko inguruari errepara ziezaioten; inguru horri buruzko gogoeta egin eta mintzatzeko gonbita egin zien gero, eta haurrek beren balorazioak argudiatzen ikasi artean, haien ideia eta iritziak formulatzen lagundu zien artistak. Talde honetako ikasleak munduko hainbat lekutakoak dira: hizkuntzak eta aniztasuna batasun eta aberastasun iturri dira.
Guggenheim Bilbao Museoko Pello Irazuren erakusketara egindako bisitak ikasleak inspiratu zituen pilatutako kaxez egindako eraikuntzan bat sortzeko. Gainera, eskultura kolektibo horrek testuak dauzka hainbat hizkuntzatan, eta aniztasunari, bizikidetzari, bakeari, familiei, errespetuari… buruz mintzatzen dira. Proiektuan zehar, ikasleek behin edo bitan bisitatu ohi dute Museoa, eta erakundearen aretoetan erakusgai dauden artelanak zuzenean ikusteak haien lanarekin laguntzen die.