KOLORE-EREMUAK EDO EKINTZA-PINTURA?

Eskuarki, arte-historialariek Espresionismo Abstraktua bi kategoriatan banatzeko joera izan dute. Batetik, “ekintza-pintura”, Estatu Batuetako Harold Rosenberg arte-kritikariak 1952an sortua. Ekintza-pinturaren bereizgarri nagusia da pintura sorkuntza dinamikotzat hartzen duela. Kategoria horretako adierazgarri nagusiak Jackson Pollock, Willem de Kooning eta Franz Kline dira. Eta bestetik, kontrako muturrean, Clement Greenberg kritikariak “kolore-eremuen pintura” izendatu zuena. Kategoria horretan kolorezko gainazal handiak sortzen dituzte eta kolorea gehiago zabaltzen dute. Mark Rothko, Clyfford Still eta Barnett Newman dira pintura-mota horren eredu nagusiak.