CATHERINE’S ROOM

Catherineren gela (Catherine’s Room) lanak begiratu pribatu bat proposatzen du emakume bakarti baten gela barrura, hark goizetik gauera eguneroko erritualak egin artean. Emakumeak egiten dituen ekintzak xumeak dira, kontzienteki eginak, eta lerro horizontal batean kokatutako bost pantaila lautan agertzen dira aldi berean. Pantaila bakoitzak eguneko momentu bat irudikatzen du: goiza, arratsaldea, ilunabarra, iluntzea eta gaua. Goizean, emakumea egun berrirako prestatzen da, yoga praktikatuz. Arratsaldean, leihotik sartzen den eguzki-argitan, josi egiten du. Ilunabarrean, emakumea, idazle den heinean, bere lan intelektuala oztopatzen duen blokeo bat gainditzeko borrokan ari da. Iluntzean, hausnarketa-egoera sakon batean murgilduta, errenkadetan jarritako kandela batzuk pizten ditu, ilunetan dagoen gela argitzeko. Azkenik, gauean, arropak erantzi, eta, poliki-poliki, loak hartzen du, gela ilunean bakar-bakarrik.

Horman dagoen leiho txiki batek kanpoko mundua erakusten du, eta zuhaitz baten adarrak ikus daitezke. Panel bakoitzean, zuhaitza urteroko bizitza-zikloaren etapa batean agertzen da, udaberriko kimuetatik hasi eta neguko adar biluziak erakutsi arte. Hala, leihotik ikus daitekeen kanpoko munduak denboraren joan-etorriaren beste geruza bat irudikatzen du, eta egun bakar bateko erregistroa naturako zikloei lotutako ikuspegi zabalago bilakatzen du.