OSPAKIZUNAK

“Gustukoa dut denbora alderdi moduan. Gauzak ez dira hain zehatzak, obra bakoitzak norbaiten biziaren une jakin bat irudikatzen duen arren: tarta zati bat, ezkontza bat irudika dezakeena; idi-bihotzak, udaberrikoak dira; festako txano bat, urtebetetze bat sinbolizatzen duena; brillantezko eraztun bat, agian urteurren baterako; San Valentinen bihotza… Serie honetako objektuak eta irudiak handiak dira, ekitaldi horiek gu gizabanako gisa baino handiagoak direlako”.

Jeff Koonsek gaur egun arteko bere ibilbideko serie luze eta teknikoki konplexuenetako bat hasi zuen 1994an, Ospakizunak; abiapuntua egutegi bat diseinatzeko gonbidapena izan zen. Festa eta ekitaldi gogoangarriekin lotutako irudiak biltzeari eta argazkiak ateratzeari ekin zion, urteko hilabete guztiak irudiztatzeko arketipo ezaguterrazak bilatuz. Aurki, ikerketa hori zabaldu egin zen eta 16 pintura eta 20 eskultura osatu zituen guztira —horietako batzuk bukatu gabe daude oraindik—. Lan horien zailtasunagatik, artistak urteak eman ditu prozesuen eta materialen, eta hauen aleazio edo konposizio posibleen, inguruan ikertzen.