CHOTT EL-DJERID (A PORTRAIT IN LIGHT AND HEAT)

Chott el-Djerid guztiz idorra den laku gazi zabal bat da, Tunisiako Saharako desertuan dagoena; bertan, eguerdiko orduetan, ispilatzeak gertatzen dira eguzkipean. Desertuko bero biziak manipulatu, bihurdikatu eta distortsionatu egiten ditu eguzki-izpiak, eta benetan bertan ez dauden gauzak ikusarazten ditu. Zuhaitzek eta dunek flotatu egiten dute, mendi eta eraikinen siluetek uhinak eratzen dituzte eta dar-dar egiten dute, eta kolore eta formek dantza dirdiratsuan egiten dute bat. Desertuko ispilatzeak Illinois estatuko (AEB) eta Saskatchewan probintziako (Kanada) neguko belardi babesgabeetako irudiek osatutako hondo baten gainean agertzen dira, irudi horietako batzuk elur-ekaitz batean filmatu zituztelarik. Aurkakoak diren baldintza klimatikoek ziurgabetasun-, desorientazio- eta harridura-sentsazioa sorrarazten dute.

Bideora egokitutako teleobjektibo berezien bitartez, irudiaren azken mugekin egiten du topo kamerak. Puntu horretan, ohiko baldintzen aldaketak edo informazio bisualaren gabeziak errealitateaz dugun pertzepzioa berriro ere ebaluatzera eraman gaitzake, eta arrunta ez den zerbaiten aurrean gaudela onartzera: fisikotasuna psikologiaren eremuaren baitan eraldatzen da. Haluzinazioak garunaren desoreka kimiko edo biologikoaren seinaletzat jotzen baditugu, beroak desertuan eragiten dituen ispilatze eta distortsioak paisaiaren haluzinazioak direla pentsa dezakegu. Beste pertsona baten ametsaren barruan fisikoki egotea bezalakoa da.