KONTZEPTU ESPAZIALA: EBAKIDURAK ETA ZULOAK

Gerra Hotzaren eraginpean sortu zituen Fontanak bere obrarik enblematikoenak; izan ere, mehatxu nuklear iraunkorrak eta espazioko lasterketara bideratutako nazioarteko ikerketak baldintzatutako aroa izan zen hura. Kontzeptu espaziala izenburupean, zulatutako pinturekin osatutako sailak argi elektrikoa transmititu eta iragazteko pantaila modura pentsatu zituen. Mihise tenkatua euskarri gisa baliatuta, asto gaineko pinturaren mendebaldeko tradizioa modu erradikalean eraldatzeari ekin zion Fontanak. Zuloak (buchi) aldatzen joan ziren urradura sentsual bilakatzeko, eta artistak hutsunea ipini zuen bere praktikaren muin-muinean. 1958an egin zuen lehen ebakidura (taglio) Fontanak, eta haren keinurik bereizgarriena bezala ezarri zuen. Mihisearen azalera osoan aplikatzen zuen pintura artistak; ondoren, sastakai zorrotz batez egiten zuen ebakia eta, jarraian, irekidurari eskuekin ematen zion forma zuzenean, gaza beltzezko zati bat itsatsiz batzuetan. Denborarekin, ebakidurak zuzenagoak eta neurtuagoak bihurtzen joan ziren. Ebakiduraren prestaketa, aurrerapen eta sarraldi erabakigarriaren prestaketa-prozesu nekezari erreferentzia eginez, Fontanak “esperoak” (attese) esaten zien pintura horietako askori. Modu paraleloan, 1950eko hamarkadaren amaieratik baita ere, ezohiko formako mihiseen aukerak esploratzeari ekin zion Fontanak, Quantak sail poliedrikoak erakusten duen bezala. Euskarri heterodoxoen erabilerak Jainkoaren azkena (Fine di Dio) sailarekin jo zuen gailurra: “arrautza astral” delakoez osatutako multzoa da hori; kolore sintetiko biziz pintatuta daude, eta azalera zulatuek kosmosaren jatorria eta espazio infinituaren aurrean gizakiak bizi duen hunkipen-sentsazioa iradokitzen dituzte.