Guggenheim

Nola bilakatu zen espazioa, definizioz ikusezina den entitate hori, arte abstraktuaren funtsezko gai, bereziki eskulturan? Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza artistak giltzarri izan ziren euskal modernotasunean; izan ere, beste mugimendu garrantzitsu batzuek, Espazialismoak edo Zero mugimenduak, antzeko gaiak esploratzeko estrategia propioak proposatzen zituzten une berean, artista euskaldun horien lanek nazioarteko aintzatespena jaso zuten. Espazioaren ikerketa artistikoa gerrarte-garaiko abangoardia historikoekin hasi bazen ere, 1950eko hamarkadako proposamen poskonstruktibistekin hartu zuen tankera esplizitua, eta “kokapen espezifikoko” praktikekin heldu zen punturik gorenera 1960ko hamarkadaren bukaeran eta 1970ekoaren hasieran. Gizakia Ilargira heltzea —Lucio Fontana eta beste artista asko gogotik kendu ezinik zebiltzan gertakizun horrekin—, 1968an 2001: A Space Odissey filma estreinatzea eta handik gutxira Arte eta espazioa liburua argitaratzea gertakizun esanguratsuak dira, eta garai hartako kulturan joera espazial bat adierazten dute, Italo Calvino-ren Le cosmicomiche (1965) edo Georges Pérec-en Espèces d’espaces (1974) testuek bezalaxe.

Chillidaren lanen hautaketarekin batera, areto honek arte garaikidearen aurrendari handien obrak biltzen ditu —Fontana, Oteiza eta Naum Gabo-renak, adibidez—, bai eta haien artelana ikerketaren ildotik bideratzen dutenenak ere —Agostino Bonalumi, Sue Fuller eta Norbert Kricke, esaterako—. Gainera, 1960ko hamarkadaren erdi eta bukaera aldera gertatu zen abstrakzio-hizkuntzaren berritzea ikusarazten diguten hainbat sorkuntza-lan ere eskaintzen dizkigu aretoak; horien artean Eva Hesse-ren lana nabarmentzen da, dozena bat “estudio- -pieza”rekin, edo oraindik ere jardunean diharduen Anna Maria Maiolino brasildarrarena. Arte kontzeptualaren eta “kokapen espezifikoko” esku-hartzearen aurrendarien belaunaldia ere areto honetan dago, Gordo Matta-Clark eta Lawrence Weiner-en lanekin.