ERAKUSKETA BATEN SARRERA (ENTRADA A UNA EXPOSICIÓN, 1990/2018)

Esther Ferrerrek honela azaltzen ditu Erakusketa baterako sarrera obraren espiritua eta intentzionalitatea:

Azalak bizitza biltzen du, gizakiaren lehen jantzia da, bi munduren arteko muga da, eta Valery-k idatzi bezala, “gizakiaren zer sakonena” da. Baina azala ere bada gizakiaren gauzarik azalekoena, hitzak ondo dioen bezalaxe. Gure azala ispilu baten azalera bezalakoa da, olerkariak aipagai duen sakontasuna islatzen duena. 

Maitasunaren edo erasoaren subjektu, memoria, errituen euskarri, diskriminazioaren objektu, azala bada gure aldarte eta egoera fisikoari buruz kontrolatzeko zaila den informazio-iturria ere; izango da “arimaren ispilu” deitzen duenik ere. Baina gainera eta batik bat, azala gure sentsazioen sargunea da, azalaren eta sentsazio horiek garunera bideratzen dituen nerbio-sistemaren arteko interakzioei esker.

Erakusketa baten sarrera (Entrada a una exposición) instalazioak nork bere azalaren kontzientzia hartzea bilatzen du, kanpoko elementu batekiko kontaktutik abiatuz; kasu honetan, lumen sentsualtasunaren bidez. Sentsazioak esnatzeko xedez pentsatutako lana da, ikuslearen harmena estimulatzeko eta hautemate-gaitasuna areagotzeko, “alerta” gozagarriko egoera batera bideratzeko eta erakusketaren gainerako atalen bisita prestarazteko. Kontua da sentitzea, ez pentsatzea; pentsaraztea erakusketaren gainerako atalen lana izango da.

Lan honek sortarazten duen zentzumen-esperientzia kontrastean dago erakusketaren gainerako lanek eskaintzen duten esperientzia motarekin; soiltasuna, materialtasun minimoa eta ideia eta kontzeptu abstraktuen garapena dira nagusi beste lan horietan, hala nola Proiektu espazialak (Proyectos espaciales) lanaren atzean dauden eskema matematikoak.