ESPAZIOA ETA MATERIA: CHARDIN ETA MORANDII

Antzinako Maisuen artean, Morandik aho betean gurtu eta goraipatu zuen Jean- Baptiste Siméon Chardin genero-margolari frantsesa. Argitalpenen bidez Chardini buruz egin zituen lehenengo ikerketetan, baliteke Morandik Henri des Pruraux arte kritikariak 1911n La Voce abangoardiako aldizkarian argitaratu zuen artikulua irakurri izana; bertan esaten zen Chardinek autoerreferentziako natura hil modernoa asmatu zuela. Garai hartan, 1932an, Valori Plastici aldizkariak André de Ridder-ek idatzitako Chardini buruzko irudiz betetako monografia bat argitaratu eta Italian zabaldu zuen. Morandik liburu hartako erreprodukzioak zintzilikatu zituen estudioko hormetan, etengabe begi bistan izateko, adibide gisa. Irudi haiei esker, artistak aukera izan zuen Chardinen prozesu artistikoaren inguruan ikasteko. Maisu frantsesak sailka lan egin zuen aldaera desberdinekin, eta bereak ziren objektuak birziklatzen zituen artelanetan. Morandik ere estrategia hori bereganatu zuen, behin eta berriro itzuliz pitxer, kaiku, botila eta kaxa berberetara, horien antolaeran aldaketa sotilak eginez. Hala, Morandiren ibilbide osoan zehar hedatu zen Chardinen oihartzuna. Edouard Roditi kritikariak 1960an egin zion elkarrizketan, “natura hilen pintorerik handientzat” deskribatu zuen artistak maisu frantziarra, ez baitzen “sekula egon trompe-l’oeil edo begi-amarruen efektuen menpe. Aitzitik, bere pigmentu, forma, eta espazioarekiko eta matièrearekiko zuen senarekin, frantses kritikariek dioten moduan, berari pertsonalki interesatzen zitzaion mundu bat iradokitzea lortu zuen”. Chardinengan, benetan pareko zuen norbait aurkitu zuen Morandik, kezka berdinekin: pinturari berari genero espezifiko batetik —natura hila— heldu zion lehen artista, haren potentzial osoa ulertzeko helburuarekin.