Espazioaren anatomia
“Asko gustatzen zait espazioa margotzea”. Vieira da Silvaren esaldi horrek bikain laburbiltzen du bere lanaren gakoa, haren artegintza espazio erreala zein alegiazkoa irudikatzean oinarritzen baita hein handi batean. Bere ibilbide artistikoaren hasieran gertatutako bi kontuk bultzatuta hasi zen espazioaren azterketa iraunkor horretan. Lehena Lisboako Arte Ederren Eskolako ikasleentzako anatomia-ikastaro bat izan zen: Vieira da Silvak 1926an parte hartu zuen bertan, oraindik ere hirian bizi zela. Giza hezurren azterketak eragin handia izan zuen abstrakzioaren arloan egin zituen lehen esperimentuetan. 1936an margotu zituen Konposizioa izeneko bi koadroetan, esaterako, hezurdurak gogorarazten dituzten formak ageri dira, espazioaren ikerketa anatomiko gisa deskriba litezkeenak. Bigarren gertaera erabakigarria Marseillako portu zaharreko transbordadore-zubia ezagutzea izan zen (1931n): kableak airean zintzilik zituen arkitektura-egitura haren arintasunak berebiziko garrantzia izan zuen Vieira da Silvak espazioaz zuen ulerkeran, espazioa forma jariakor eta mugagabetzat hartzeko ikuspegian. Berrikuntza arkitektoniko hark eragin zion zirrarari keinu eginez, hain zuzen, Marseilla zuria (1931) margotu zuen: egurrezko aldamio bat, eraikin batean bermatua. “Uste dut badela nire baitan halako inteligentzia artistiko bat nire izaeraren beste ezaugarri batzuk baino sendoagoa dena”, azaldu zuen.


