ESTATUARIA

"Artelan multzo hau Europa mendebaldeko artearen hainbat aldi irudikatzen duen estatuaria du oinarri. Erakusketako lan bakoitza artearen gai jakin baten hezurmamitzea edo ikurra da; batzuk besteak baino zehatzagoak dira".

Ileana Sonnabend-en SoHo-ko galeria ospetsuak Jeff Koons gonbidatu zuen taldeko erakusketa batean parte hartzera 1986an. Koonsek bertan, altzairu herdoilgaitz distiratsuan egindako eskultura batzuk aurkeztu zituen Estatuaria titulupean. Eskultura horiek arketipoak eta historiako hainbat pertsonaiaren irudiak erakusten zituzten. Beste pieza batzuen artean, Luis XIV.aren tamaina errealeko busto bat sortu zuen, monarkia absolutistaren sinboloa, pribilegiatu gutxi batzuen enkargu bidez egindako artearen sinboloa. Halaber, Bob Hope irudikatzen zuen eskultura txiki bat ere egin zuen, buru handi-handiarekin —XX. mendeko masen kulturaren ikonoa—, baita XVII. mendeko nobela bateko desiraren objektu izan zen emakume italiar eder baten bustoa ere. Lan horiek guztiak ‘irudikapenen irudikapenak’ dira, baina jatorrizko lanen erreferentzia zehatzak kendu zizkien. Hortaz, figura hauek ezin dira euren oinarrian dauden ereduekin lotu.

Aurpegi gabeko untxi puzgarria eraldatu zuen —hasierako lan ezagunenetako bat da, 1970ko hamarkadan egindako lanekin lotutakoa—: oraingoan altzairu herdoilgaitzezko jostailu puzgarri bat da, beti airez betea eta beti egoera onean dagoena. Interpretazio asko dituen arketipoa da untxia, konnotazio erotikoak —sexu-edukiz betetako Playboy-ren untxia adibidez— eduki ditzake, edo haurren xalotasuna —Pazkoko untxitxo inuzentea, adibidez— sinboliza dezake.