GIZA IRUDI BAKANAK

“Inoiz egindako erretratu onenetakotzat neukan nik, horregatik, eta obsesionatzen ninduen. Velázquezen aita santuaren ilustrazio hori daukaten liburuak behin eta berriz erosten ditut, asaldatzen nauelako eta, nire baitan, era guztietako sentimenduak eta, esan dezadan, irudimenaren alde batzuk pizten dituelako”.

Francis Bacon*

Francis Baconek Inozentzio x.a aita santuaren erretratua deskubritu zuen hainbat erreprodukzioren bitartez 1950eko hamarkadaren erdialdera. Diego Velázquezek 1650ean egindako margolan bat da, eta asaldatuta zeukan Bacon, baita beste margolari eta idazle ingeles batzuk ere. Baconek mihise horrekin zuen zaletasuna bi hamarkada baino gehiagotan islatu zen haren artelanetan. Horietan, aita santuaren irudia askotariko modutan itxuraldatzen da. Batzuetan, hura eta Potemkim korazatuan garrasika ari den emakume zaurituaren aurpegi aztoratuaren sufrimendua nahastu egiten dira. Sergei Eisenstein-en film hori, hain zuzen, hamasei urte zituela deskubritu zuen Baconek Berlinen. Beste batzuetan, giza irudi hori hil dituzten abereen zatiz inguratuta dago, bielorrusiar jatorriko Chaïm Soutine artista frantsesa aditzera emanez argi eta garbi. Bestetan, berriz, Inozentzio x.aren irudia Pio xii.arenari gainjartzen zaio —Bigarren Mundu Gerran aita santu izan zen eta oraindik ere hizpide da Alemania naziarekin izan zuen harreman diplomatikoa—.

Velázquezek hierarkia identifikatzen laguntzen duen testuingururik gabe irudikatu zuen aita santua. Pertsonaia bakarrik agertzen da, Kristo gurutzean gurutziltzatua bezala. Gurutziltzatzea Baconek hasieratik behin eta berriz erabili zuen gaiatzat, erlijio konnotazioak alde batera utzi arren eta, betiere, giza kondizioaren alderdi ilunena nabarmentzeko asmoz. Aita santuak bezala, Gurutziltzaketak eraldatzen joan zen, koloreak, formatua edo konposizioa aldatzen, eta oso gogoko zituen beste erreferentzia batzuek tartekatzen, adibidez, Picassoren edo Eskiloren Orestiada obra.

David Sylvester, The Brutality of Fact: Interviews with Francis Bacon 1962–1979, Interview 1 – 24:25