Gaueko bidaiak

1957an, Krasnerrek Pollocken estudioa hartzea erabaki zuen, Springs-eko aletegian. Une hartatik aurrera, oso tamaina handiko obrak landu ahal izango zituen, mihise-piezak horman zuzenean iltzatuz, bastidorerik gabe. Garai hartan insomnioa zuenez, gauez aritzen zen lanean, bere paleta zurira eta kolore arreetara mugatuz, ez baitzitzaion kolorea argi artifizialarekin aplikatzea gustatzen. Kolore arreek ezaugarri organiko bat ematen diete obrei, eta pintura-geruza finek, berriz, bere “jatorrizko bulkadari” leial jarraitzea ahalbidetzen zioten margolariari.

Bere lagun Richard Howard poetak obra haiek “Gaueko bidaiak” zirela esan zuen, eta artistak azaldu zuen izenbururen bat, Eguzki-plexuari eraso adibidez, “deserosoki errealista” zela: “Greenberg-ekin liskarra izan nuen, nire ama lehentxeago hil zen […]. Garai zailak ziren”, azaldu zuen. Aipatzen duen “liskarra” izan zen Clement Greenberg eragin handiko kritikariak Krasnerren erakusketa bat bertan behera uztea erabaki zuela, ez zitzaiolako gustatu haren pinturak hartu zuen norabidea. Sail hura utzi beharrean, artista bete-betean murgildu zen hartan, eta, 1960an eta 1962an, obra haiek Howard Wise Gallery-n erakutsi zituenean, arrakasta handia lortu zuen.