GOING FORTH BY DAY

Egunerantz aurrera eginez proiektaturiko irudiek osatutako bost parteko zikloa da, giza-existentziarenak propio diren gaiak lantzen dituena: indibidualtasuna, gizartea, heriotza, berpizkundea. Obrak arkitektura-esperientzia bat proposatzen du; bertan, bost irudi-sekuentziak aldi berean proiektatzen dira dimentsio handiko gela baten baitan. Espaziora sartu ahal izateko, bisitariek literalki sartu behar dira lehen irudiaren argira. Behin barruan, horma guztietako proiekzioek osatutako ikus-entzunezko mundu baten erdigunean aurkituko dute euren burua. Panel bakoitzak kontatzen duen istorioa gelako ziklo narratibo osoaren parte da. Ikuslea libre da espazioan zehar nahi bezala mugitzeko eta panel bakoitzari modu indibidualean begiratzeko, edo, aldendu eta obra osotasunean begitantzeko.

Bost irudi-sekuentziek 30 minutu inguruko iraupena dute eta modu sinkronizatuan proiektatzen dira, etengabeko erreprodukzioan. Paneletako soinua libreki nahasten da espazioan, eta soinu-giro globala sortzen du horrela. Irudiak zuzenean proiektatzen dira horman, pantailarik eta markodun euskarririk erabili gabe, Italiako Errenazimenduko freskoak bezala, non pintura zuzenean aplikatzen zen hormetako igeltsuaren gainean. Obraren izenburua Egiptoko Hildakoen liburutik dator, "Egunerantz aurrera egiten duen izpiritua", arimarentzako gida dena, behin gorputzaren iluntasunetik libro, azkenean, "eguneko argirantz egin dezan".

“Suaren jaiotza” (1)

Giza forma bat sortzen da murgildutako mundu ilun batetik. Gorputzak heriotzaren eta berpizkundearen artean dagoen egoera inkontziente bateko fluidoan egiten du igeri. Sutan amaitu zuen aurreko mundutik datozen laranja koloreko argi-izpiek uraren azala zeharkatzen dute. Orain, aurreko suntsipenaren argipean, giza esentziak bide baten bilaketari ekiten dio urpeko eremu berrian barna: bere berpizkunderako behar dituen forma materialaren eta sustantziaren bila ari da.

“Bidea” (2)

Udako solstizioaren garaia da mendi-tontorretan. Goizeko lehen argiak basoko bide batean ibilian ari den jendearen joan-etorria erakusten du. Mota desberdinetako jendea da, eta bakoitzak bere pausuan egiten du bidea, modu bakarrean. Ez dago ez hasiera ez amaierarik norbanakoen prozesio horretan —guk ikusi baino askoz lehenagotik ari dira oinez, eta hala jarraituko dute denbora luzez gure ikus-eremua utzi ondoren ere—. Jendearen fluxu etengabeak ez digu ageriko ordenarik edo sekuentziarik aditzera ematen. Beren bidea egiten ari diren bidaiariak bezala, bi munduren arteko espazioak iragaten dituzte. Basoan ageri den seinale txiki batek pasagune segurua bermatzen die, egoera zaurgarri horretan barna. Ez dago atzera bueltarik. Etengabe egiten dute aurrera, helmuga ezezagun baterantz.

“Uholdea” (3)

Berriki zaharberrituriko harrizko eraikin bat ikus daiteke udazkeneko ekinokzioko argi garbitan. Jendea joan-etorrian dabil kalean, beren egunerokotasuneko ekintzetan murgilduta. Norbanakoen bizitzetan eragina duten gertakari txikiak jazotzen dira. Beren etxeak uzten dituzten familiak ikus daitezke, jendea beren ondasun pertsonalekin kalean barna, eta gertatzen den orok tentsioa areagotu egiten du komunitatean. Erruki- eta adeitasun-momentuak suertatzen dira, norbanakoaren bizirautearen inguruko ardura gero eta handiago baten baitan.

Denek entzuteko moduko abisua entzuten denean, izu-ikara gertatzen da, jendeak beren bizitzak salbatzeko korri egiten duten artean. Azkenekoek, ekidin ezin denari uko eginez, gehiegi itxaron dute beren etxeetako segurtasunean. Orain, uholdeak indar betean beren mundu pribatuen muina erasotzen duela, bizitzak salbatzeko egin behar dute lasterka. Korrika ateratzen ari dira eraikinetik, barrutik datorren uriola izugarri batek, bat-batean, dena urez betetzen duenean. Bizitza indibidualak eta ondasun pertsonalak ausaz aukeratzen dira, prozesuan galtzeko. Azkenik, baretuz doaz bortizkeria eta indarkeria, uriolak behera egin ahala; eraikina osorik mantendu da, eta kalea garbi dago. Espaloi hutsa dirdiratsu ageri da eguerdiko eguzkipean.

“Bidaia” (4)

Ilunabarra da neguko solstizioaren garaian. Barne-itsaso batera begira dagoen etxetxo bat ikus daiteke. Bere barnean, gaixorik ageri da gizon bat ohean etzanda, bere semeak eta bere errainak artatua. Kanpoan, beste gizon bat ikus daiteke, atarian eserita, beilan. Behean, itsasertzean, hilzorian dagoen gizonaren objektu pertsonalez ari da betetzen astiro-astiro itsasontzi bat. Gertu, adineko andre bat dago esperoan.

Denbora bat igarota, semeak eta errainak alde egin eta bakarrik uzten dute gizona, bakardadean bere ametsekin, arnasa indarge. Bere etxea, bizitza eta oroimenez josia, giltzaz ixten da. Handik gutxira berriz agertzen da gizona itsasertzean; hura noiz helduko esperoan egon den bere emazteak agurtzen du. Biak igotzen dira ontzira; ontzia abiatu egiten da, eta beren ondasunekin batera, Zorionekoen Irla urrunetara darama bikotea.

“Lehen argia” (5)

Egunsentia da udaberriko ekinokzioan. Erreskate-talde bat gogor aritu da lanean gau osoan zehar, desertuan euri-erauntsi handi batek ustekabean harrapatu dituen pertsonak salbatzeko. Leher eginda eta fisikoki akituta, gutxika-gutxika ari dira beren ekipoak jasotzen, egunsentia argitzen den bitartean; gaueko gertakarien eragin emozionala areagotu egiten da. Ertzean, urak hartutako haranera begira ikus daiteke emakume bat: leku horretan bertan bere lagun eta auzokideak bizi izan ziren behin. Isilean itxoiten du, beldurrez beteta eta seme maitearen jasandako patuan gero eta esperantza gutxiagorekin; bere maitea ez da inoiz itzuliko.