Gorputzaren nozio berriak

208 aretoa

Areto honetan, dantzaren pertzepzio eta forma berriekin egiten du topo ikusleak, dantzari ospetsu eta distiratsuen bitartez, besteak beste: Suzanne Perrottet eta Rudolf von Laban —dantza espresionistaren aitzindariak Alemanian—, Valeska Gert, Mary Wigman eta Gret Palucca. Azken horri buruz Moholy-Nagy argazkilari eta pintoreak zera adierazi zuen sutsuki 1927an: “Estetika berri bat formulatzen ari gara saiatzen, eta oinarriak falta zaizkigu oraindik […] Paluccaren gorputza, dantzaria bera, dantzaren kultura berri baten adierazpen garbiena irudikatzeko bide bat da”. Aldi horretan, gainera, jazza heldu zen Europara Ameriketako Estatu Batuetatik, tempoaren pertzepzioa aldatu zuten soinu bereziki indartsu eta bizkorgarriak ekarriz.

2020ko hamarkadaren erronka handienetakoa hau da: nola lortu gorputzaren, adimenaren eta gizartearen arteko oreka. Dantza baliozko metafora da nahi bizi hori betetzeko —bai 1920ko hamarkadan bai oraingoan—. Esan ohi denez, 1968ko belaunaldiak fisikotasunaren iraultza bati eman zion bidea, eredu tradizionalak baztertu zituen iraultza hain zuzen, gorputzaren kontzientzia zabalago eta asertiboagoak aldarrikatzen zituena. Gauza bera esan liteke 1920ko hamarkadaz. Atal honetan, Rashid Johnson artista garaikideak planteamendu horrek oraindik duen gaurkotasuna erakusten du.