HASTAPENAK

Areto honek automobilaren sorrerari erreparatzen dio, eta propio egokitutako zaldirik gabeko gurdietatik katean ekoitzitako autoetara izandako trantsizioa jasotzen du. xix. mende amaieran argazki- eta zinema-teknologia berriek baldintzatuta garatu zen mugimendua ulertzeko moduan dago oinarrituta prozesu hori. Automobilen itxura asko aldatu zen hasierako kutxa-tankerako forma gogorretatik eite aerodinamiko dotoreetara. Haizetunelaren erabilerak ekarri zituen forma leun horiek aitzindari izan zuten xx. mende hasierako hamarkadetan hainbat artistak eta arkitektok egindako lana eta, automobilgintzan, modernotasunaren ikurrik behinena bihurtu ziren.

Automobilak, hasiera-hasieran, zaldiek tiratuta zebiltzan ibilgailuek eragindako kiratsetik, gaixotasunetatik eta kutsaduratik libratu zuen hiria. Bizi dugun klima-aldaketa aroan, ordea, hiriak kutsatzen dituen bilau bihurtu da. Dena den, energia elektrikoak ere presentzia nabarmena izan zuen autoaren hastapenetan. 1900eko Porsche Phaeton auto bat dago ikusgai erakusketan, gurpilen abatzetan motor elektrikoak daramatzana; kontzeptu hori iraultzailetzat jo zuten Ilargi gainean ibili zen NASAren aurreneko ibilgailuan erabili zutenean.

Historiak zirkulua itxi du, orain iraultza berri baten atarian baikaude: propultsio elektrikoaz gain, “mugikortasuna zerbitzu gisa” ere badugu —bidaiatzeko edo autoa partekatzeko aplikazioak dira horren adibide—, eta ibilgailu autonomoen aukera ere hor dugu.