Identitatea eta artea
Arrateko Andramari LHI, Eibar
6. mailako 17 ikasle, Arrateko Andramari LHI, Eibar
Irakaslea: Maria Amiano
Artista: Manu Muniategiandikoetxea
Proiektuan ikuspegi artistikotik landu zituzten identitate pertsonala eta kolektiboa. Jarduerak egiterakoan, balioak eta trebetasunak sustatu zituzten, besteak beste, adierazpen emozionala, autoezagutza, enpatia, autoestimua, talde-lana eta pentsamendu kritikoa, eta pertenentzia-sena indartu zuten horrela.
Ikasleek esploratzen jardun zuten bakoitza beste inor ez bezalakoa zerk egiten duen hausnartzeko. Gainera, talde gisa batzen dituzten ezaugarrietan ere sakondu zuten, eta beren historia pertsonalari eta eskolarekiko loturari buruzko gogoeta egin zuten. Bakoitzak bere buruaz duen pertzepzioa eta komunitatearekiko duen lotura aztertu zituzten horrela. Inguruko identitate-ikurrak ere aztertu zituzten, besteak beste, armarriak eta herriko futboltaldearen kamisetak, ikur horien atzean dauden balioak ulertu ahal izateko.
Elkarlanean, beren nortasuna islatzen duten irudi, kolore eta hitzekin apaindutako siluetak sortu zituzten kartoi gainean. Gainera, taldeko kamisetak diseinatu eta margotu zituzten, nortasun partekatuaren ikur gisa, eta bakoitzaren berezitasunak biltzen dituen irudikapen kolektiboa eratu zuten.
Talde-dinamiketan eta elkarrizketa irekian oinarritu zen metodologia, zuzeneko parte-hartzea bultzatuta. Proiektuari amaiera emateko, aurkezpen bat egin zuten ikasleek beren obrak eskola-komunitatearekin partekatzeko eta beren sortze-prozesua azaltzeko.