III Sekzioa - Bidaiak eta Pariseko egonaldiak (1923–1934)

Paul Cassirer galeristaren babes ekonomikoari esker, Kokoschka Europan eta Afrikako iparraldean barna bidaiatzen hasi zen, baita Ekialde Hurbilean ere. Garai hartako paisaia, hiriko eszena eta pertsona zein animalien erretratuetan kontraste nabarmena ikusten dugu Dresdeneko estiloarekiko. Materia arinekoak dira, eta haien kolore-sorta, berriz, zabalagoa da, harreman kromatiko eta argi-ukitu berriak ageri baititu, artistak herrialdez herrialde egindako bidaia bizkorrak iradokitzeko moduan.

1926ko urtarrilaren 7an, Cassirerrek bere buruaz beste egin zuen, eta, ondoren, 1929an, burtsak porrot egin zuen; bi gertakari horiek eragina izan zuten Kokoschkaren ekonomian. Diru-iturririk gabe geratuta, Vienara itzuli zen 1932an, eta faxismoaren gorakadak hiriko egoera politikoa menderatzen zuela ikusi zuen.