INSTALAZIOAK AULKIEKIN

Erakusketa honetan, Ferrerrek aulkiekin egindako bi instalazio daude: Instalazioak aulkiekin sailekoa da bata, 1984koa; bestea, berriz, Aulkiak zintzilik saileakoa, 2018koa. Proiektu horiek lehenengo aldiz ditugu erakusketa-espazio batean. Artistak erakusketaren katalogoan azaltzen du kontzeptua:

Beti interesatu izan zaizkit aulkiak; objektu ohikoak dira, kasik interesgabeak, baina euren presentzia hutsak gela baten espazioa molda dezake.

Beti harritzen nau sortu izan den aulki eredu kopuruak, eta sortzen jarraituko denak, hain gauza oinarrizkoa izanik, aulki bat bezain gauza sinplea. Baina bereziki erakartzen nauena euren egitura da, izan zurezkoak edo plastikozkoak, edo beste material batekoak, tolesgarriak zein ez. 

Aulkien beste gauza interesgarri bat euren gaitasun “antropomorfikoa” da: aulki bat ikustea gizakiarengan pentsatzea da, horrek iradoki dezakeen guztiarekin. Tapizeria eta apaingarriak kentzen zaizkienean euren “hezurdura” azaltzen da: modu ia organikoan antolatutako lerro zuzen eta makotuen multzoa. Aulkiaren egitura-aberastasun hori multzo batean konbinatzen denean, izan horma baten gainean, izan espazioa okupatuz, sortu daitekeen formen aniztasuna txundigarria izan daiteke.

Agian eurekin egin dudan lanaren jatorria nire haurtzaroko zaldiko-maldikoetako aulki hegalarien irudia da, kateetatik zintzilik eta biraka ziztu bizian. 

Instalazio ugari egin ditut aulkiekin: batzuetan espazioko formen arteko elkarrizketa soilak dira, kable fin edo lodiagoekin zintzilikatuak; beste batzuetan esanahi politiko edo soziala izan dezakete gainera. Bakarka edo multzoka erabil ditzaket, bai instalazioetan, bai performanceetan. Azken horietan ohiko elementuen erabilera funtsezkoa da niretzat, eta zer izan liteke aulki bat baino ohikoagoa? Baina, horrela ere, aukera ugari eskaintzen ditu, besteak beste, adibidez, soinu-elementu bihurtzea nire ekintzetako batean.